Euskal pentatloia lehen aldiz Errebote plazan

Larunbatean 2026ko Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatuko da Villabonako Errebote plazan 17:30ean hasita. Lehen aldia izango da proba hori egiten dena herrian. Hamalau kirolarik hartuko dute parte, eta guztien helburua bera izango da: iraileko final handirako sailkatzea.

«Pozgarria da urtebeteko etenaldiaren ondoren beste behin Euskal Pentatloia aurkezteko aukera izatea», esan du Gari Etxeberria antolatzaileak. «Ilusio berezia egiten digu, iaz atsedenaldi txiki bat hartu behar izan genuelako, baina aurten berriro izen-emate epea zabaldu genuen, eta jasotako erantzuna benetan eskertzekoa izan da. Horrek erakusten digu Euskal Pentatloiak oraindik ere interesa eta indarra dituela, eta horrek poz handia ematen digu». Bide batez, eskerrak eman dizkio Villabonako Udalari aurtengo kanporaketa bertan egiteagatik. «Badakigu horrelako ekitaldi bat antolatzeak udalaren aldetik ahalegin handia eskatzen duela, eta eskertu nahi dugu herri kirolen, euskal kulturaren eta gure nortasunaren alde egiten duten lana».

Euskal pentatloiak bost herri kirol modalitate biltzen ditu. Antolatzaileek azaldu dutenez, «aurten ere, tamalez, ez dugu emakumezkoen txapelketa antolatzerik lortu. Hala ere, lanean jarraituko dugu etorkizunean hori ere errealitate bihurtzeko. Badakigu ez dela erraza, kirolari kopurua mugatua delako eta probak prestakuntza oso zorrotza eskatzen duelako, baina gure helburua hori ere berreskuratzea da».

Gizonezkoen maila bakarra izango da beraz aurtengoan, hamalau parte hartzailerekin. Kirolariek bost modalitate hauei egin beharko diete aurre: 100 kiloko bola altxatzea, giza proba 400 kiloko harriarekin, aizkora lana, 50 kiloko txinga bana eramatea eta, azkenik, korrikako proba. Parte hartzaileak Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Xabat Olaizola, Beñat Telleria, Ioritz Gisasola, Benat Amade, Julen Kañamares, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Iker Goldarazena, Iñigo Zabala, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a, Jon Bengoetxea, Julen Odriozola, Mikel Marijuan eta Raul Zelaieta izango dira.

Kanporaketan egin beharreko lanak honako hauek izango dira: hamar altxaldi 100 kiloko bolarekin, plaza bat giza proban 400 kiloko harriarekin, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebakitzea, txingekin hiru plaza egitea, eta, azkenik, kilometro bateko korrika saioa, plazan bertan prestatuko duten zirkuituan, ohiko zezen plazako eraztuna gogoraraziko duen ibilbidean.

Kanporaketarako sarrera doakoa izango da, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera. «Azken finean, gure herri kirolak, gure kultura eta gure nortasuna gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango da», esan du Etxeberriak. Hamalau kirolarietatik sei sailkatuko dira finalera, eta lehia guztiz irekita dago.

Bere aldetik, Beatriz Unzue Villabonako alkateak antolatzaileei eskertu diete euskal pentatloia aurrera ateratzeko egiten duten lanagatik: «Plaza ekitaldi bat aurrera ateratzeko pertsona askoren konpromisoa eta ilusioa behar dira, eta hori eskertzekoa da». Udalarentzat horrelako ekitaldi bat babestea «pozgarria» dela esan du: «Herri kirolak gure ondarearen parte dira, gure historiaren eta gure nortasunaren parte. Gure sustraiekin lotzen gaituen kirola da, eta belaunaldi berriei balio horiek transmititzeko aukera paregabea eskaintzen du pentatloi honek». Horrelako ekitaldiek Amasa-Villabonari asko ematen diotela gaineratu du: «Asteburuan giro polita sortuko da Errebote plaza honetan. Jende asko etorriko da gurera, eta aukera ederra izango du Amasa-Villabona ezagutarazteko eta bertako giroaz gozatzeko».

Alkateak nabarmendu du udalak horrelako ekitaldiak laguntzen jarraituko duela: «Kirola, kultura eta herria uztartzen dituzten ekitaldiek merezi dute gure babesa». Azkenik, parte hartuko duten kirolariei zorte ona opatu die, eta herritar guztiak animatu ditu larunbatean Erreboteko plazara joatera: «Ziur nago ikusgarria izango dela, eta denon artean giro aparta sortuko dugula».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!