Atzo hasi zuten Villabonako Garagardo Azoka, eta bigarren egunean ere berehala bete da jendez Txermingo ikastolaren aterpea. Lau egunez 26 garagardo mota eta ohiko janari eskaintza izango dute Villabonan, eta egunero 18:00etatik 01:00etara egongo da zabalik. Ekimenak 29. aldia du, eta herriko Irrintzi elkarteak antolatu du aurten ere.
Antolatzaileen esanetan, urtero, gutxi gorabehera, 7.000 litro garagardo, 6.000 saltxitxa eta 2.300 ukondo inguru saltzen dituzte; eta jangelan 700 lagunentzako tokia prestatzen dute, eserita afaltzeko.
Bihar, pasaka txapelketa
Beste urte batzuetan bezala Irrintzi Pasaka Txapelketa antolatu du Irrintzi elkarteak Behar Zana elkartearekin batera, eta Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin. Bihar jokatuko dituzte partidak Olaederra pilotalekuan: 17:15ean lehen finalerdia; 18:00etan bigarren finalerdia; 18:45ean hirugarren eta laugarren postuetarako partida; eta, azkenik, 19:30ean finala.