Kalitatezko produktuak eta zentzuzko prezioak. Horiek dira Garagardo Azokaren arrakastaren giltzak, Irrintzi elkarteko antolatzaileen esanetan. Beste hainbat herritan horrelako azokak antolatzeari utzi dioten arren, Villabonan eusten diote ohiturari, eta bihartik igandera bitartean antolatuko dutena 29. edizioa izango da.
Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzaren azpialdean antolatzen dute azoka, eta lau egunez zabalik izango da, 18:00etatik 01:00era. Kokalekua ere bada arrakastarako arrazoietako bat, baina, batez ere, elkarteko kideek antolakuntzan egiten duten ahaleginak azaltzen du urtero hainbeste jende bertaratzea.
«Ez dago jakiterik zenbat jende etortzen den», adierazi du Agustin Laskurain antolatzaileak. Ideia bat egiteko, datu batzuk eman ditu: urtero, gutxi gorabehera, 7.000 litro garagardo, 6.000 saltxitxa eta 2.300 ukondo inguru saltzen dituzte. Jangelan, 700 lagunentzako tokia prestatzen dute, eserita afaltzeko.
Ukondoa izaten da jaki guztien izarra. Hamabi euroan saltzen dute, eta hala nahi duenak etxera eramateko aukera izango du, bi euro gehiago ordainduta. Horrekin batera, Frankfurteko saltxitxak, Euskal Herriko saltxitxak, gulak, kroketak, errusiar entsalada, muskuiluak tomatearekin eta langostinoak ere jarriko dituzte. Postrerako, gazta eta tiramisua emango dituzte.
Garagardo eskaintza zabala
Garagardo eskaintza ere ez da nolanahikoa izango azokan. Aurten, Basqueland garagardoak ekarriko dituzte, nobedade gisa. Gainerakoan, Japoniako, Portugalgo, Irlandako, Alemaniako eta Belgikako garagardoak ere izango dira aukeran. Guztira, 26 garagardo mota eskainiko dituzte: arruntak 16 eta bereziak 10.
Laskurainen esanetan, behin ere ez dago asmatzerik zein garagardok izango duen arrakastarik handiena: «Iaz, esate baterako, bigarren egunerako hiru garagardo bukatu zitzaizkigun, aurreikuspen guztiak hankaz gora jarrita. Gehienetan ahoz ahokoak funtzionatzen du. Garagardo bat gustatu, eta jendea hura probatzera animatzen da. Hori bai, badira betiko garagardoa edatera etortzen direnak ere».
Litro erdiko pitxarra bi euroan erosi ahal izango da, eta gainerakoan, garagardo bakoitzaren prezioa lau eurokoa izango da. Bereziak, berriz, bost euroan salduko dituzte. «Hornitzaileekin beti borrokan ibiltzen gara, beti negoziatzen prezioak igo ez ditzaten. Guk etortzen direnei garagardoa salneurri duinean eskaini nahi diegu. Bost urte inguru dira ez ditugula prezioak igotzen».
Jo eta su ari dira lanean Irrintzi elkarteko bazkideak azoka prestatzeko. Azken egunotan muntaketa guztia egiteko elkarteko beteranoak dabiltza lanean, eta bihartik aurrera, 80-100 laguneko txandak antolatzen dituzte sukaldean eta barran lan egiteko. Elkarteko bazkideak eta ingurukoak izaten dira.
Aurtengo azokan bildutako dirua elkartean egin nahi duten obra baterako baliatu nahi dute. «Bazkideak gero eta edadetuagoak gara, eta elkartearen atzealdea irisgarriago egiteko lanak egin nahi ditugu. Ea baimenak lortu eta lehenbailehen hasten garen», aipatu du Laskurainek.
Pasaka txapelketa, larunbatean
Aurreko urteetan bezala, Irrintzik, Behar Zana elkartearekin batera, eta Amasa-Villabonako Udalaren laguntzaz, Irrintzi Pasaka Txapelketa antolatu du. Larunbatean Olaederra frontoian jokatuko dira partidak: 17:15ean lehen finalerdia; 18:00etan bigarren finalerdia; 18:45ean hirugarren eta laugarren postuetarako partida; eta 19:30ean finala.