Su txikiak

02 12 Su txikiak

Ataria 2025eko maiatzaren 5a

Belabieta eta Amasamendi inguruan bi aerosorgailu jartzeko asmoa agertu du Premier Espf Ipaz Haizea enpresak. Egitasmo honekin kezkatuta agertu da Mikel Alvarez Forcada eolikoen makro-proiektuen aurkako ekintzailea.

Alvarezek proiektu eolikoaren poligonala plano batean marraztu du. Horretarako, Euskal Herriko buletin ofizialaren 2025eko martxoaren 27ko alean Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak proiektu honen inguruan argitaratutako iragarkian emandako koordenada geografikoak baliatu ditu. Lehenengo, 1:25.000 plano batean marraztu du eta, gero, mendiko plano batean kopiatu. Poligonalak lurralde oso zabala hartzen du: 6 km2 inguru bi aerosorgailurako.

Bestalde, LPS Lurralde Plan sektorialaren inguruko bi plano ere landu ditu Alvarezek. Lehenengoan, LPSaren behin-behineko onarpenaren dokumentuko planoa ikusten da, 2024koa; bigarrengoan LPSaren hastapen onarpeneko dokumentu planoa, 2023koa. Amasamendin halako instalazio eoliko handiak hartzeko duten «ahalmen» edo «harrera gaitasuna» aldatuta ikusten da batetik bestera. Eusko Jaurlaritzak goranzko aldaketak egin dituela dio Alvarezek, «modu zeharo irregularrean eta justifikaziorik gabekoan».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!