Amasa-Villabonan du bulegoa Gea zerbitzuak enpresak eta adituak dira higiezinen salerosketan, alokairuan eta erreformekin zerikusia duen kudeaketan zein zerbitzu osoetan. Bezero bakoitzaren beharrak eta kezkak ulertzeko gaitasuna dute, eta une bakoitzean modu aktiboan eta eraginkorrean konponbide onenak bilatzen saiatzen dira; haien lehentasuna behar horiek asetzea izanik. Olatz Iztueta arduradunak azaldu du nolako bilakaera izan duen etxebizitzaren eskariak zein eskaintzak, eta nabarmendu du pertsona bakoitzarentzat irtenbide egokia aurkitzen ahalegintzen direla.
Zein eremutan egiten duzue lan?
Gure gunea zabala da. Tolosaldeaz gain Lasarteraino ere iristen gara. Beharraren arabera da pixka bat: egokitu zait Seguran baserriren bat saltzea; eta Baionan ere etxe bat saltzeko eman digute orain gutxi. Gustatzen zait pixka bat hemendik ateratzea ere.
Zer bilatzen dute zuregana jotzen dutenek?
Gehiengoa etxe bat erostera etortzen da. Zehazki, hiru gelako, bi komuneko eta igogailua eta berogailua dituen etxe baten bila; eta garajea ere baldin badauka, hobe. Hori da gehienek bilatzen dutena.
Horrekin jendearen erdia baino gehiago estaltzen dugu, aukera ematen baitu formatu ezberdinetarako: bizpahiru ume dituzten familiak, bulego bat behar dutenak, zaintzaile bat behar duten pertsona helduak... Horiez gain bada elkarri atxikitako etxeak ere bilatzen dituztenak, baserriak... Baserri gutxi, egia esan. Baserriak lan handia baitu mantentzeko. Denok nahi dugu baserri bat, baina gero mantentzea... Beste kontu bat da.
Adinaren arabera aldatzen al da jendeak etxebizitza batean zer bilatzen duen?
Jendearen beharrak aldatu egiten dira adinaren arabera. Gazteek, orokorrean, diru gutxiago izaten dute eta aldatu egiten da egoeraren arabera: bakarrik normalean ez dira izaten, normalean bikotearekin edo beste norbaitekin: gertuko lagunen bat, anai-arrebaren bat... Diru gutxiago izaten dutenez, aukera duten horretara sartzen dira: igogailurik gabe, berogailurik gabe... Gero, diru gehiago dutelako edo familia handitu delako –eta ahal baldin badute– beti joango dira hirugarren gela baten bila. Gero, ordea, umeek alde egiten dute, eta orduan garrantzitsuena igogailua da. Bizitzaren beharren arabera aldatzen da.
Jendeak zer bilatzen du gehiago alokatzea ala erostea?
Ezberdintasun bat dago: bertakoa bazara –eta Espainiatik ere etortzen da jendea, nahiz eta hemen ez bizi–, normalean, jabetza. Hori da helburua; beste gauza bat da horretara sar daitezkeen edo ez. Gainera, jabetza ezin badute ordaindu, alokairura jotzen dute eta ia gehiago ordaintzen dute errenta, hipoteka ordainduko luketena baino. Baina prezioaren %20ra iristen ez badira, ezin izaten dute erosi. Alokairuan, berriz, ia %95 kanpotarrak dira, Espainiar Estatutik kanpokoak.
Herriaren arabera nola aldatzen da eskaintza mota?
Herriaren hirigintza planaren arabera aldatzen da zer saltzen den. Elkarri atxikitako etxeak ez dira asko egiten... Herri batzuetan egon ere, ez daude. Udaletxe bakoitzaren arabera aldatzen da hori, hirigintza planaren arabera.
Saltzen duzuen etxebizitza mota aldatu al da azken urteetan?
Nik nabaritu dudana da inguru honetan, azken urteetan, ez dela asko eraiki; eta horrek eragin du etxe berriak baino gehiago, bigarren eskuko etxe asko ari garela saltzen. Horrek dakar, aldi berean, berrikuntzek gora egiten dutela. Lehen denak ziren berriak eta, orain, etxe askotan berrikuntza partzialak edo osoak egiten dira. Gainera, partzialen arazoa da aurretik topatzen dutena, askotan, ez dela gustukoa izaten eta ia oso izatera pasatzen dela. Hori zaila da saltzeko. Berrian, berriz, sartu eta kito, ez dago besterik.
Gehien-gehiena pisuak saltzen dira, ondoren, elkarri atxikitako etxeak eta, azkenik, baserriak. Baserriak, ordea, oso gutxi. Eta hori urtez urte mantendu egiten da. Merkatu inmobiliarioa bankuek mugitzen dute, eta oso aldakorra da. Gaur badakizu eta, bihar, ez. Eta inoiz ez dakigu zer pasako den. Ezjakintasun hori egiturazkoa da.