Inauterietako pilotakadaren auzia

Inauterietan zauritutako gazteari jazotakoa salatzeko mozioa onartu dute

Leyre Carrasco 2024ko ots. 29a, 13:49

Xuhar Herri Plataformak mozioa aurkeztu zuen atzo eta EH Bilduren aldeko botoei esker onartu zen. EAJko lau zinegotziek eta PSEkoak kontra azaldu ziren. Ikerketaren inguruko datu berriak eman zituen EAJko Arantzazu Rojok, han bildutakoen harridurarako.

Atzo, billabonatarrek udaletxeko batzar aretoa bete zuten. Izan ere, ohiko osoko bilkuran mozioa aurkeztu zuen Xuhar Herri Plataformak, Tolosako inauterietan izandako «esku-hartze polizial neurrigabea» salatzeko eta 16 urteko gazte billabonatarrak izan dituen ondorio «atzeraezinen» erantzukizuna eskatzeko. Xuhar Herri Plataformak egindako deialdiarekin bat egin zuten herritar ugarik eta Xuhar bera ere bertan izan zen, bere senide eta lagunen artean.

Beñat Uribe Xuhar Herri Plataformako bozeramaileak irakurri zituen mozioan jasotako bost puntuak, deialdiarekin bat egin zuten herritar guztiei eskerrak eman ostean. Bertan, Tolosako Inauterietako Astelenita goizaldean larriki kaltetua izan zen Xuhar eta bere familiari elkartasuna eta babes osoa adieraztea eskatu zion udalbatzari. Era berean, «eskua-hartze polizial neurrigabea» salatu zuen eta Xuhar eta bere familia «egoera tamalgarri horretara bultzatu duen jokabide polizial desproportzionatua» salatzeko proposamenak egin zituen.

Amasa-Villabonako udalbatza osatzen duten zinegotziei «arduraz jokatzeko» eskatu zien Uribek, eta esan zuen ez zela egoera «lokazteko» momentua, mozioa «aho batez» onartzekoa baizik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu den Josu Erkorekari dagozkion ardurei aurre egin eta kaltetutako familiaren zein euskal jendartearen aurrean erantzuteko eskatzen zion udalbatzari.

EH Bilduren babesa

EH Bilduko zortzi zinegotzien baiezko botoei esker onartu zuen udalbatzak Xuhar Herri Plataformak aurkeztutako mozioa eta, taldearen izenean, «babes osoa» helarazi zien Xabat Laborde zinegotziak gazteari, baita bere senide eta lagunei ere. «Erabat bat egiten dugu mozio honen edukiarekin. Guztiok dakigu egun hartan zer gertatu zen eta lehen unetik saiatu gara familiarekin harremana izaten eta gure eskutan dagoen laguntza eskaintzen». 

Labordek adierazi zuen «ez dela onargarria» gaztea zauritu zuten egunetik ez izatea azalpenik hainbeste denbora igaro denean. «Bada garaia, argi eta garbi adierazi dezatela zer gertatu zen kale hartan, momentu hartan, eta arduradunek beren gain har ditzatela kasu horren ardurak», aldarrikatu zuen zinegotziak.

Xuharren kasua ez ezik, Ertzaintzaren kargen ondorioz zaurituak izan ziren beste bi gazteen kasuak ere aipatu zituen, eta Laborderen ustez, egoera horrek «larriagoa bihurtzen du esku-hartze poliziala, nabarmen uzten duelako zein nolako alturan jaurti zituzten jaurtigai horiek». 

Era berean, gogora ekarri zuen ez dela Ertzaintzaren «jarrera bortitzek» halako ondorioak ekarri dituzten lehen aldia izan. «Besteak beste, zoritxarrez, manifestazio eskubidea egikaritzeagatik behin baino gehiagotan zaurituta suertatu diren herritarrak bat baino gehiago izan dira azken hamarkadatan». Remi Ayestaran herritarraren kasua ere aipatu zuen; 2009ko uztailaren 31n, Amasa-Villabonako Santio Jaiak ospatzen ari zirela, Ertzaintzarekin izandako istilu baten ondorioz bihotzekoak jota hil zen, garai hartan Villabonako alkateorde zen billabonatarra. «Oso argi dugu Ertzaintzak ez balu bortitz jokatu, Remi ez zela egun hartan hilko», adierazi zuen. Eusko Jaurlaritzak emandako datuak ere plazaratu zituen, eta horien arabera, «lau billabonatar izan ziren torturatuak Ertzaintzaren eskuetan».

«Horrekin argi eta garbi adierazi nahi dugu egun dagoen polizia eredua aldatu egin beharra dagoela», esan du Labordek. Hori dela eta, polizia ereduaren inguruko «eztabaida sakon» baten beharra azpimarratu zuen.

Kontrako bozkak

EAJ eta PSEko zinegotziak ez ziren ados agertu aurkeztutako mozioarekin. EAJko udal taldearen izenean Arantzazu Rojok hartu zuen hitza, eta bere ustez, mozioko puntuetan erabili ziren hitz batzuk ez dira zuzenak. «Xuhar ez zen tirokatua izan», zineztatu zuen. Era berean, Ertzaintzaren kargak «errebotea» egin ostean Xuharren begia jo zuela esan zuen, baina aldi berean, gaineratu zuen, gertatutakoaren inguruko «txosten irmorik» ez dagoen bitartean, ezin izango dela ebatzi «Ertzaintzaren ekintza neurrigabea edo desegokia» den.

«Hau da dakiguna: gau hartan bi istilu egon ziren; bata 01:20ean, Rondilla kalean eta bestea 04:15ean, Soldadu kalean», zehaztu du. Liskar horietatik tiraka, esan zuen EAJk «indarkeria mota guztiak» salatzen dituela eta, aldi berean, poliziaren esku-hartzea «beharrezkoa» izan zela defendatu zuen. Horregatik, ikerketak iraun bitartean «errespetua» eskatu zuen. «Ikerketa zabalik dago eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu den Josu Erkorekak informazioa emango du, baina dakizuenez bere itzala desegin egin da, hauteskundeak deituta. Beraz, sailburuak ezin du Eusko Legebiltzarrera agertu, EH Bilduk exijitu duen bezala».

Ardurak hartu eta «koordinazioa» berreskuratu

Horrez gain, Tolosako Inauterietan gertatutakoaren ardura egotzi zion EH Bilduri esanez ez zela ongi koordinatu Ertzaintzarekin. «Orain arte, udalean EAJ edo ezker abertzalea egonda ere, beti egon da kolaborazioa eta planifikazioa Ertzaintzarekin; aurten ez da egon. Orain arte, Trianguloa plaza larrialdi zerbitzuentzako erabili izan da, baina, aurten, txosnak jarri dira. Horrek esan nahi du Alde Zaharreko larrialdiak artatzeko sarrera saihestu egin dela».

Gauzak honela, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateari «orain arte mantendutako koordinazioa berreskuratzea» eskatu zion, «liskarrak eta horrelakoak gertatzen diren bakoitzean behar den gaitasun eta diligentzia Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren artean mantentzeko». Horrez gain, gertatutako «ez politizatzeko» ere eskatu zion, «gertaera ez zen manifestazio edo protesta politiko baten inguruan gertatu, festa batzuetan izandako borroka jendetsu baten ondorioa izan zen».

Eduardo Vaz PSEko zinegotziak hartu zuen hitza ondoren, eta jeltzaleen antzera berak ere ikerketak amaitu bitartean baloraziorik ez duela egingo esan zuen.

«Bada gauzak aldatzeko garaia»

Rojoren hitzok udaletxera agertu ziren herritarren haserrea piztu zuen, baita Xuhar eta bere familiarena ere. Jon Pazos gaztearen aitak haserrea eta mina adierazi zion aurkako bozka eman zuten zinegotziei: «Hau al da indarkeria oro salatzea? Ikusi nire semearen begia, ez du ezer ikusten». Halaber, Uribek «arduragabekeriaz» jokatu zuela esan zion Rojori bilkuraren amaieran: «Hemen gaudenetik ez zarete ausartu Xuharri begietara begiratzera. Esan duzu arduraz esango zenituela esan beharrekoak, zuk bota dituzun astakeriak bota baino lehen, eta erabat lotsagabe jokatu duzuela iruditzen zait».

Julen Zelarain herritarrak ere hartu zuen hitza eta Ertzaintzaren gehiengoa ordezkatzen duen sindikatuak esandakoak ekarri zituen gogora. Zelarainen ustez, «oso esanguratsua da gaur egungo legediak esaten duenean indarkeria erabiltzeko ahalmena duten bakarrak Poliziak direla, ahalmen hori dutenak erantzukizun ikaragarri batekin erabili beharko lukete». Indarkeria erabiltzen den kasu orotan protokolo bat izan beharko luketela adierazi zuen, «indarkeria hori beharrezkoa izan den edo ez aztertzeko eta zein neurritan erabili den jakiteko, baina ahal bada indarkeriarik ez erabiltzeko, herritarren eskubideak daudelako jokoan. Horiek ez baldin badira ondo erabiltzen, azken finean, herritarren eskubideak dira urratuak izaten direnak». 

Ikerketarekin hasi baino lehen sindikatuen gehiengoak adierazitakoa «lotsagarria» izan zela kontatu zuen: «Gure herritarrak ikusmena galduko zuenaren zalantzan genuenean, oraindik ez zen ikerketarik abiatu eta dagoeneko ondorioak atera zituzten». Ohar horretan «inpunitatearen apologia» egiten zela gaineratu zuen, parlamentuko alderdikide guztien «babes osoa» eskatzen zelako. «Babes osoa zeini? Mutiko honek ikusmena galtzeari? Horrelako interbentzio bat jai batzuetan egiteari? Horri eman behar zaio babesa? Hori inpunitatearen apologia da, ez da besterik».

Halaber, indarkeria erabiltzeko behar duten bakarrek horrelako hitzak erabiltzea «kezkagarria» dela adierazi zuen, «horrek sekulako arriskua suposatzen baitu. «Ertzaintzaren artean gimnasio formakuntza asko dago, baina herritarren eskubidearen formakuntza, berriz, oso gutxi». Zelarainen esanetan, «ez da berdina funtzionario publiko baten eskubideak urratzea edo herritar baten eskubideak urratzea edo funtzionario publiko bat izatea eskubide horiek urratzen dituena. Giza eskubideen esanahi osoa hortik dator, giza eskubideak aldarrikatzen dira Estatuak edo funtzionario publikoek horiek urratzen dituztenean. Kasu honetan, horixe gertatu da eta horixe gertatzen ari da. Eta orain galdera da: herritar batek funtzionario baten eskubideak urratzen dituenean, noren babesa jasotzen du?».

Horren aurren, Zelarainek adierazi zuen erakundeen erantzukizuna dela herritarron eskubideak errespetatzen direla ziurtatzea, «bestela babesgabe geratzen gara». Xuharri jazotakoaren aurrean «babesgabe» sentitzen direla aitortu zien zinegotziei, «horregatik etorri gara hona». «Horregatik, gaur, eta bereziki EAJ eta PSEren interbentzioarekin nik berdina sentitzen jarraitzen dut. Zuen aldetik askoz ere sendotasun gehiago espero nuen, gertatutakoa ikertzeko eskatuz, baina ez dut hori ikusten. Denbora daramagu geldirik Ertzaintzaren esku-hartzeari edozein modutan babesa ematen, eta niretzako hori desegokia da, hori ez da bidea. Bada gauzak aldatzeko garaia eta hori da herritarrok eskatzen duguna».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!