Hiru gaztek salatu zutenez, Tolosako inauterietako astelehen goizaldean Ertzaintzaren kargen ondorioz zaurituak izan ziren. Horien artean dago pilotakada batek begi batean larri zauritu zuen Villabonako 16 urteko gaztea. Testuinguru honetan billabonatarrek Xuhar Herri Plataforma aurkeztu dute gaur, herriko billabonatar gaztearen aldeko elkartasun dinamika abian jartzeko. Plataformaren helburuak eta asmoak azaldu dituzte Beñat Uribe eta Nahikari Iturbe herritarrek.
Elkartasun kanpaina abiatzea izango dute helburu, batetik, «salaketa publikoa eginez». Bestetik, plan ekonomiko bat jarriko dute abian, «sortu daitezkeen lanketa edo gainkostu ekonomikoak aurrera eramateko asmoarekin, baita familiari bide honetan laguntzeko asmoarekin ere, esaterako, abokatua ordaintzeko». Dena den, plataformaren helburu nagusia babesa adieraztea izango dela azaldu dute, «Xuhar bera eta senideak bide judizial honek iraun dezakeen guztian laguntzeko eta babestuta sentitzeko».
Horretarako, bi talde sortuko dituzte; batetik, talde motorra izendatu duten taldea egongo da, eta bestetik, plataformako kideak. Talde motorrari dagokionez, antolakuntza lanak bertan egingo dituztela azaldu dute. «Jarraikortasun batekin egingo ditugu bilerak, baina beharren arabera izango da eta hori bide judizialak eta abokatuak markatuko du». Bertan erabakiko dituzte ekimen eta ekintza guztiak, «hala nola, prentsa oharrak, pankarta eta kartel ereduen prestaketa, baita material guztiaren kudeaketa ere». Talde motorra osatzen dutenek hori guztia plataformako gainontzeko kideei helarazteko ardura hartuko dute.
Orain arteko bidea egin dutenak izango dira talde motorraren parte. «Familia eta lagunei luzatu diegu bertan parte hartzeko deia, baina nahi duen edozein herritarrek ere izango du talde honen parte izateko aukera».
Plataformako gainontzeko kideei dagokienez, komunitate sendoa sortzea izango dute helburu. Horretarako, orain arteko mobilizazioek izan duten indarra mantentzen saiatuko direla adierazi dute, «bai hemen Villabonan egin zen prentsaurrekoan bezala, baita Tolosan egin diren mobilizazioetan bezala ere». Horregatik, talde honen ardura zabalpen lanak egitea izango da, bai kartel eta pankartak jarriz, baita sare sozialen bidezko zabalpena eginez ere. «Herri plataforma honek egingo dituen ekimen eta ekintza desberdinak euskal jendartera iristea lortu behar dugu, baina batez ere gure etxera, gure ingurura».
Egoera honek jende askori eragiten dion kontua dela aitortu dute, eta aurretik lan handia dagoela egiteko, «horretarako herriaren laguntza ezinbestekoa dugu».
Biharko mozioarekin bat egiteko deia
Tolosan egin zen elkarretaratzean Ertzaintzak Tolosako inauterietan egindako kargen inguruko arrazoiak argitzea eta erantzukizunak eskatu zituzten. Bada, bihar horren inguruko mozioa aurkeztuko dute, 19:00etan, Amasa-Villabonako udaletxeko pleno aretoan egingo den ohiko osoko bilkuran. Bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei, «hori izango baita egingo dugun lehen ekintza publikoa herri plataforma gisa».
Plataformaren aurkezpenean, Xuhar Pazosek hartu du hitza eta gaurko aurkezpenera gerturatu diren guztiak eskertu nahi izan ditu: «Eskerrik asko etorri zareten guztioi, asko eskertzen da zuen laguntza guztia».