Inauterietako pilotakadaren auzia

Begiko ebakuntza «ondo» joan dela esan du familiak

Ataria 2024ko ots. 20a, 16:29

Inauterietan begian pilotakada jaso zuen gazteari ebakuntza egin diote gaur; pauso «garrantzitsua» eman dutela esan diote medikuek familiari.

Gaur egin diote ebakuntza inauterietan Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen billabonatar gazteari. Ebakuntza «ondo» atera dela adierazi du familiak, eta urradura gelditzea lortu dutela. Hain justu, medikuek familiari esan diotenez, hori izan da hasieratik beraien kezka, beraz, pauso garrantzitsua eman dela azaldu dute. Horrekin batera, «ukitua» zuen begiaren atzealdeko nerbioa, makula, «pixka bat konpontzea» lortu dutela adierazi du familiak ebakuntzaren ostean.

Une honetan, itxarotea geratzen dela esan dute; «medikuak  informatzen joango zaizkigu eta pixkana gauzak argiago ikusten joango gara».

16 urteko billabonatarrari ostiral eguerdian eman zioten sendagiria. Ostiralean bertan Ikama ikasle antolakundeak deitutako elkarretaratzean azaldu zen aitarekin batera, eta gazteak jasotako babesagatik eskerrak eman zizkien ikaskideei. Hurrengo egunean, larunbatean, Amasa-Villabonako herritar talde batek deituta elkarretaratze jendetsua egin zuten Tolosan, eta bertan izan zen ere gaztearen aita. Jon Pazosek esan zuen «horrelako polizia eredu bat» ezin dela onartu eta erantzukizunak eskatu zizkion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eta Ertzaintzari.

Era berean, 16 urteko beste gazte batek ere kolpea jaso zuela oldarraldi berean adierazi zuen. Bada, Berriak jakin duenez, hirugarren zauritu bat ere izan zen inauterietako astelehen goizaldean. Hirugarren zauritu horrek epaitegietan salatu du gertatutakoa. Foam jaurtigaien kolpea hartu zuten hiru gazteetako bat emakumea da, eta beste biak gizonak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!