Ehunka pertsona elkartu dira Tolosako Trianguloa plazan, Biolentzia polizialik ez, bada garaia gauzak aldatzeko lelopean. 16 urteko billabonatar batek Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen Tolosako inauterietan, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin dute. Amasa-Villabonako herritar ugari izan dira ere mobilizazioan. Hasieran pankarta hartu dute zauritutako gaztearen lagunek, eta minutu batzuetako isilunearekin protesta egin dute plazan elkartutakoek.
Gaztearen aitak, Jon Pazosek, hartu du hitza eta «bihotz-bihotzez» eskertu die elkarretaratzean izan direnei. Xuhar semea «buruz oso izorratuta» dagoela azaldu du. «Kolpe oso bortitza jaso zuen begian, jaurtigai horrek ekarri dizkion eta ekarri dakizkiokeen ondorio larriekin. Momentuz bere begiaren barruan urradura du erretinan, erretina-askatzea. Begiaren ikusmena ez du berreskuratuko lehen zuen bera; gradu batean, ez dakigu oraindik zenbat, galdu egingo du, eta hortik lauso ikusiko du». Asteartean izango da bere ebakuntza, eta helburua izango da erretinaren urradura ez zabaltzea begi osora. «Azkenean ez dakigu zer ondorio ekarriko dizkion, bai fisikoak zein psikologikoak», zehaztu du Pazosek. «16 urte dauzka eta ez da justua bera dagoen egoeran egotea. Xuhar kale honetan bota zuten lurrera [San Frantzisko elizaren ondoko kalea seinalatu du], foam jaurtigai batekin jasotako kolpearen ondorioz».
Beste gazte bati sudurrean foam jaurtigaiarekin kolpatu ziotela ere adierazi du Pazosek. «Ez da bidezkoa eta ezin da onartu horrelako jarrera eta horrelako modelo polizial bat gaur egun edukitzea. Nahikoa da , eta ea behingoz aldatzen den hau guztia», azaldu du Pazosek, eta goi karguei zuzendu zaie: «Goi mailan dagoen jendarte guzti horrek behingoz erremintak mahai gainean jar ditzala, eta gertatu dena argitzea». «Erantzukizun guztiak» eskatu ditu, eta «erantzun guztiak» ematea «gardentasunez». Bide batez, semea zauritu zen kalean kamera bat dagoela nabarmendu du eta ikerketan bertako irudiak erabili ditzatela eskatu du, «gertatu dena argi eta garbi jakiteko».
Elkarretaratzea antolatu duen Amasa-Villabonako herritar taldearen kide batek hartu du hitza, eta «aski da, nahiko da, bada garaia gauzak aldatzeko», adierazi du. «Gertakari hauen ondoren euskal jendarte konprometitu bat altxa da, desproportzionaltasunaren eta minaren aurrean, elkartasuna eta maitasuna gailendu dira. Gaur hemen bildu zareten herritarrak, jarrai ezazue basakeriak salatzen. Ez kikildu, ex isildu, irten kalera eta egin aurre injustiziari, hori baita etorkizuneko belaunaldiak bestelako eszenatoki batetara gidatzeko bidea».
Horrez gain, bi eskaera egin dituzte. Batetik, Ertzaintzako kideei zuzendu zaie eta eskatu ez isiltzeko: «Pentsatzen baduzue gazte baten bizitza ezin dela hankaz gora jarri, honelako kale batean hausnartu gabe eta basati moduan kargatzeko erabakia hartzeagatik, esan zerbait, altxa zuen ahotsak; zuen gorputz polizialaren zilegitasuna jokoan dago. Bestalde, basakeri hori justifikatu duzuenok, alde egin zuen etxeetara, ez zaituztegu nahi eta ez zaituztegu behar». Bestetik, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari erantzukizunak eskatu dizkiote: «Zaldunita gauean kale honetan indarkeriaz sartu zen ertzain taldeak erantzukizunei aurre egin behar die, kale honetan indarkeriaz sartzea agindu zuen ertzain buruak erantzukizunei aurre egin behar die. Eta zuk ere bai, dituzun erantzukizunei aurre egin behar diezu eta larriki kaltetua izan den familia honen aurrean arlo humanoan zein politikoan erantzun».
Bi adierazpenak entzungai elkarretaratzearen bideoan