Behin behinean desaktibatu dute oroimenaren webgunea Amasa-Villabonan

Ataria 2023ko apirilaren 22a

Aranzadi zientzia elkarteak eskatuta hartu dute erabakia Amasa-Villabonako eta EH Bilduren udal gobernua duten beste zenbait udalek ere. Tolosako Udalak aurreko astean desaktibatu zuen webgunea.

Amasa-Villabonako Udalak behin behinean desaktibatu egin du oroimenaren webgunea. "Aranzadik egindako lan zientifikoa behin-behinean ez da eskuragarri izango, zientzia elkarteak hala eskatuta", irakur daiteke une honetan web gunean. Erabaki bera hartu dute EH Bilduren udal gobernua duten beste hainbat udalek ere, hala nola, Hernani, Oiartzun, Azpeitia eta Oriok. 

Galdakaon piztu zen polemika, PSE-EEren taldeak udal gobernuari Galdakao Oroimena webgunetik ETAko kideen izenak kentzea eskatu zionean, "giza eskubideen urraketen biktima gisa" agertzen direlako. Gerora, Covitek salatu zuen herri gehiagoren oroimen webguneetan ageri zirela ETAko kideak biktima gisa, eta tartean aipatu zituen Tolosa eta Amasa-Villabona. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak, berriz, hilabeteko epea eman zien zenbait udali, webgunean aldaketak egiteko.

Aurreko astean Tolosako Udalak webgunearen bilatzailea desaktibatzea erabaki zuen, eta orain, EH Bilduko udalek hartu dute erabaki bera, zehaztu dutenez, Aranzadi zientzia elkarteak horrela eskatuta.

Aranzadik egunotan esana du prest dagoela eragile instituzional, politiko, akademiko eta sozialekin lankidetzan aritzeko, «irizpideetan eta metodologian egin litezkeen aldaketei edo hobekuntzei buruzko hausnarketa bateratua egiteko beharra balute». Baina betiere «independentzia zientifikoz jardunez» ariko litzatekeela ohartarazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!