Kantuan hasi dira ospatzen Etxera eguna

Irati Saizar Artola 2023ko martxoaren 25a

Euskal presoei ezarritako sakabanaketa politika bukatutzat ematearekin batera ari dira Etxera eguna ospatzen Villabonan; eguna aurretik zuten antolatuta, eta albistearekin batera tokatzea «sekulakoa» dela esan dute.

Festan daramate eguna Villabonan. Etxera eguna ari dira ospatzen, eta egun guztiko egitaraua dute antolatuta. Gaur, gainera, festa «berezia» dutela aitortu du Manex Iriarte Sareko kideak, atzo albiste «garrantzitsua» jaso zutelako. Azken bost euskal presoak Euskal Herriratuta, Etxerat elkarteak eta Sare plataformak bukatutzat eman baitzuten euskal presoei ezarritako sakabanaketa politika. «Lana ondo egiten ari garenaren seinalea da», dio Iriartek. Aurretik zuten antolatuta gaurko eguna, eta albistearekin batera tokatzea «sekulakoa» dela dio. «Badakigu oraindik borrokan jarraitu beharko dugula euskal preso guztiak beraien etxeetan izan arte, etxean nahi ditugulako».

Egunari kantu birarekin ekin diote. Herritarrez gain, Lasartetik, Zarauztik edota Oriotik ere iritsi dira kantatzera. Horrez gain, Oriotik eta Andoaindik mendi martxak antolatu dituzte egunarekin bat egiteko. Zubimusu ikastolan bazkaldu dute. Bertan, prestatzen ari diren dokumental baten laburpen moduko bat proiektatu dute. «Villabonako gazte batzuk Ainhoa Ozaeta euskal presoari bisitan joan gintzaizkion Gabonetan, eta bizikletan egin genuen buelta; bidaia hori dokumental batean biltzen ari gara, eta gaur laburpena eskainiko dugu». Eguna festan amaituko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!