Garikoitz Etxeberria euskal preso lizartzarrarekin batera, Asier Borrero, Gregorio Eskudero, Faustino Marcos eta Irantzu Gallastegi Euskal Herriratuko dituztela jakinarazi dute Espainiako Espetxe Erakundeek; denak Eusko Jaurlaritzaren esku dauden espetxeetarako mugituko dituzte. Espainiako kartzeletatik Euskal Herrira lekualdatzeko geratzen ziren bost presoak dira —Alcalan jarraituko du Jaione Jauregik—. Etxerat elkarteak eta Sare Herritarra plataformak «itxitzat» jo du «hainbeste urtez luzatu den sakabanaketa politika». «Iritsi da azkenean guztiok hainbeste bilatu dugun berria, eta amaitu da 34urte iraun duen urrunketa politikaren aroa», adierazi du Sarek, eta «bigarren fasera» begira jartzeko unea dela azaldu du: «Oraindik indarrean dauden salbuespen politikak indargabetzeko».
Dueñasko espetxean dago Garikoitz Etxeberria; 2021eko apirilean iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek Sevilla II kartzelatik (Espainia, 885 kilometrora) lekualdatuko zutela. Hura 2007ko urtarrilean atxilotu zuten Azkainen (Lapurdi), eta urte hartako martxoan Espainiaratu. Auzitegi Nazionalak 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2009an. Espainiako Espetxe Erakundeek 2021eko apirilean iragarri zuten Dueñasera lekualdatuko zutela, eta han dago preso ordutik. Hark iazko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Jarraitu irakurtzen Berrian.