Amaiera beldurgarria izango du Euskal Herriko Itzuliako hirugarren etapak

Ataria 2023ko otsailaren 15a

Errenterian hasi eta Amasa-Villabonako Hika txakolindegian amaituko da. 153,9 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek; tartean, hirugarren mailako bost mendate igaroko dituzte.

Eskualdea bisitatuko du 2023ko Euskal Herriko Itzuliak. ATARIA-k abenduan eman zuen albistearen berri. Orduan, lasterketa zein egunetan hasi eta amaituko zen azaldu zuten antolatzaileek, eta tartean, hirugarren etapa Amasa-Villabonan amaituko zela jakinarazi zuten. Gaur, berriz, etaparen inguruko xehetasunak eman dituzte.

153,9 kilometroko etapa izango da, Errenterian hasiko dena. «Ziur aski, Gipuzkoako kostaldeko zati handi bat zeharkatuko duen etapa honek irteera oso azkarra izango du», adierazi dute antolatzaileek. Oriotik, Zumaiatik nahiz Zarauztik igaro ondoren, Meagasko eta Andazarrateko mendateak igo beharko dituzte (biak ere hirugarren mailakoak). Ondoren, Andazarratetik behera Asteasura iritsiko dira, eta eskualdea zeharkatuko duen zirkuitu gogor batean murgilduko dira txirrindulariak.

Amasa-Villabonatik igaroko dira lehenik; bertan, tarteko esprint bat izango dute. Ondoren, Tolosara joan eta Altzoko eta Orendaingo mendateak igoko dituzte (biak ere hirugarren mailakoak). Amasa-Villabonara itzuli aurretik, Altzotik igaroko dira berriro, eta helmugatik bost kilometrora, Adunan egongo den tarteko helmugatik pasa beharko dute, Hika txakolindegian amaitu aurretik.

Azken kilometroa beldurgarria izango da, txakolindegiko igoera oso gogorra baita. «Errepide estuak izateaz gain, gora eta behera ibiliko dira etengabe. Ondorioz, tropelean tentsio handia egongo da, liderrak buruan kokatzeko. Bukatzeko, azken kilometro oso lehergarri eta gogor bati ekingo diote, Hikara iritsi arte», esan dute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!