Jada ezagutzera eman dituzte Euskal Herriko Itzuliaren 62. edizioaren irteerak eta helmugak hartuko dituzten herriak. Lasterketa 2023ko apirilaren 3tik 8ra jokatuko da, Aste Santuarekin batera. Tropela Gasteiztik irtengo da eta Eibarren amaituko da lasterketa.
Ocetak, lasterketa antolatzen duen elkarteak, ohar baten bidez ofizialki jakinarazi ditu Itzulia Basque Countryko 62. edizioaren irteerak eta helmugak hartuko dituzten herriak eta hiriak. Txirrindulariak Vitoria-Gasteizetik irten eta Eibarren bukatuko dute 6 egun beranduago.
Beste behin, Gasteizek Itzuliaren etapa baten irteera hartuko du, baina aurten protagonismo handiagoa izango du, lasterketa hiri horretan hasiko baita. Handik, txirrindulariek Bastidara joko dute, lehen etapa bukatzeko. Bigarren etapak Viana eta Leitza lotuko ditu, eta Nafarroatik ibiliko da osorik; 2022ko herri berdinak lotuko ditu, baina irteera eta helmuga trukatuta. Hirugarren etapa Gipuzkoan hasi eta bukatuko da; Errenteriatik abiatuko da Amasa-Villabonan bukatzeko.
Lasterketaren erdira iristean, Bizkaira igaroko dira, hurrengo bi etapak bertan jokatzeko. Laugarren jardunaldiaren irteera eta helmuga Santurtzin izango dira. Bosgarrena, berriz, Amorebieta-Etxanon hasi eta bukatuko da. Azken etapa, aurreko urteetan bezala, Eibar ingurutik ibiliko da; herri armaginean hasi eta bukatuko da.
Etapei buruzko xehetasun guztiak urte hasieran jakinaraziko dira prentsaurreko batean.
2023ko Euskal Herriko Itzuliko etapak:
- 1. etapa: 2023/04/03 > Gasteiz-Labastida
- 2. etapa: 2023/04/04 > Viana-Leitza
- 3. etapa: 2023/04/05 > Errenteria-Amasa-Villabona
- 4. etapa: 2023/04/06 > Santurtzi-Santurtzi
- 5. etapa: 2023/04/07 > Amorebieta-Amorebieta
- 6. etapa: 2023/04/08 > Eibar-Eibar