Nondik eta noiz igaroko da Euskal Herriko Itzulia, eskualdean?

Ataria 2023ko apirilaren 4a

2021eko Euskal Herriko Itzulian, Alkizatik igaro ziren txirrindulariak.

Amasa-Villabonan amaituko da, bihar, Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapa. Amaiera ikusgarria izango du, baina aurrez, azken 80 kilometroak eskualdean barrena egingo dituzte txirrindulariek. Tolosaldeko herri bakoitzetik zein ordutan igaroko diren jakin nahi?

Txirrindularien segurtasuna bermatzeko, hirugarren etapako ibilbidean azken orduko aldaketak egin behar izan dituzte. Egindako aldaketarekin etapak 8,3 kilometro eta 3. mailako mendate bat gehiago izango ditu, Alkizarako igoera gehitu delako ibilbidera. Behin Trenbide ondoko bidetik Ateaga baserriko gainera igota, eta Anoeta eta Asteasuko bidegurutzean, 96,4 kilometroan, hain zuzen ere, eskuinetara egingo dute txirrindulariek, eta Asteasurantz abiatuko dira, ondoren Alkizara igotzen den errepidea hartzeko. Hasiera batean Anoetara zuzenean jaistekoak baziren ere, errepidea ez dago egoerarik onenean, eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko, aldaketa hau egitea erabaki dute lasterketaren antolatzaileekin elkarlanean.

Aurrez, Andazarrateko gaina pasa ondoren, Asteasutik pasata, Villabonara iritsiko dira txirrindulariak. Alkizara igo eta Anoetara jaitsi ondoren, Altzotik (bi aldiz), Orendaindik, Amezketatik, Abaltzisketatik, Alegiatik, Leaburu-Txaramatik, Tolosatik, Anoetatik, Zizurkildik eta Adunatik igaroko dira, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian amaitu aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!