ERREPORTAJEA

Landa eremua eta emakumea

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 14a, 07:59
Eskualdea landa eremuko herriz osatuta dago, Orendain herria da horietako bat. E.M.

Landa Eremuko Emakumeen Eguna ospatuko dute, gaur, Amasa-Villabonan; Gurea antzokian egingo dute jardunaldia, eta besteak beste, Landa Emakumeak Gara proiektua aurkeztuko dute.

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren hemeretzigarren edizioko ekitaldia egingo da, gaur, Amasa-Villabonan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak antolatua da, eta Gurea antzokian izango da. Hori bai, izena ematea beharrezkoa zen bertan parte hartu ahal izateko.

Goiz osoko egitaraua dute aurretik. Jardunaldiari hasiera Landaola federazioak bultzatzen duen Landa Emakumeak Gara proiektua aurkeztuz emango diote. Landa eremuko emakumeen arteko elkar ezagutza eta saretzea bilatzen du egitasmoak. Horren ondoren, Bogan kooperatiba taldearen eskutik, zaintza komunitarioaren arloan berritzailea den Teknoadineko proiektua ezagutzeko aukera izango da. Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait udalerritan dagoeneko ezarria dute proiektua. Atsedenaldi baten ostean, aurreko hitzaldietan parte hartu duten hizlariek eta beste gonbidatu batzuek mahai inguru batean parte hartuko dute, landa eremuan ematen den bizikidetzaren inguruan duten iritzia emateko. Esperientzia pertsonalean eta profesionalean oinarritutako lekukotasunak partekatuko dituzte. Behin mahai ingurua bukatzen denean, luntxa emango izango dute. Eusko Jaurlaritzarekin batera Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako foru aldundiek, Hazi fundazioak, Emakundek eta Amasa-Villabonako Udalak hartu dute parte gaurko jardunaldiaren antolakuntzan.

Tolosaldeak asko du landa eremutik. Herri txikiak dira gehiengoa, eta herri bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere, emakume asko bizi da herri horietan. Garai bateko asko baserrietan, baina herri txikiek ere azken urteetan bilakaera handia eman dute. Etxe asko eraiki dira, eta bertako herritarrez gain, herri txiki, handi edota hirietatik joandakoak bizi dira bertan.

TOLOSALDEKO ATARIA-k bi emakume ezberdinekin hitz egin du. Bata Josune Argote Zuriarrain da, Orendainen jaioa. Orendain eskualdeko herri txikienetariko bat da. Bestea, aldiz, Uxue Arzallus Ansa da. Andoainen jaio eta Donostian bizitzen egon ostean, bikotearekin Berastegi herrian bizitzeko hautua egina duena. Berastegi herri txikia izanik, zerbitzu aldetik osatuago dago. Herri txiki batean bizitzeaz aritu dira, eta Argote bere herriarekin «harro» dago, eta ez du ezer falta eta «bete» egiten du bertan bizitzeak. Arzallus, berriz, beste adetik ere, «harro» dago: «Egia esan ez dut izan egun bat Berastegira bizitzera etorri izanaz damutu naizenik».

Landa eremuko, «gertutasuna»

Herri txikien abantailetako bat herritarren arteko gertutasuna izan ohi dela esan izan da, baina Argote orendaindarrak faltan botatzen du: «Orain hozten ari da, eta faltan botatzen dudan zerbait da. Guk lehen, esaterako, beti elkarri kasu egiten genion, eta orain gazteekin gurutzatzen zara, eta kasurik ere ez dizute egiten». Kezka puntu batekin hitz egin du: «Askotan pentsatzen dut gurasoek ez ote dieten ezer esaten. Hoztasuna sumatzen dut, eta herri txikien bilakaeran okerrena hori ikusten dut. Transmisioa galdu da, eta jendeak ez daki ezta zein zaren ere. Guk denak ezagutzen genituen, eta beste herri giro bat zen lehengoa. Orain guztia da hotzagoa, independenteagoa».

Orokorrean gizartea aldatzen ari da, eta gero eta indibidualagoak izate horren gainean «penaz» hitz egin du Argotek. Atzerapausoa. Herritar guztien berri izateaz eta harremanez hizketan ari dela, ume garaiko beste oroitzapen bat etorri zaio, eta elkartzeko beste puntuetako bat eliza zela aipatu du: «Gu txikiak ginenean elizara joaten ginen, eta orduan ere harreman gehiago zegoen; izan ere, igandero herritar guztiak ikusten zenituen».

Argoteri herritarrekiko gertutasuna urruntzen joan zaion bezala, azken urteetan Berastegin bizi den Arzallusek alde on moduan aipatzen du gertutasun hori. «Niri oso goxoa egiten zait», azpimarratu du. Haurrei begira lotu du, «umeak hazteko garaian herriak sostengatzen ditu, eta nahigabe zainduta daude, eta denok ere, edozein gauza daukagula oso erraz topatu dezakegu lagundu zaitzakeen norbait», nabarmendu du. Nolabait, orain artean hainbeste ez zuen gertutasuna aurkitu du.

Landa eremuan emakume jaio izanak ez dio aparteko bereizketarik ekarri Argoteri eta bere anaiaren pare jarri da: «Eskolan batera ibiltzen ginen, eta futbolean edo gordeketan guztiok jolasten ginen». «Bizikletan, pilotan edo futbolean ibiltzen ginen», jarraitu du. Matxismoa orduan ere bazela esan du, baina «alde guztietako kontua izango zen hori ere».

Lehen sektorea

Lehen sektorean ere aldaketa handia sumatzen du Argotek. Lehen baserri txiki gehiago ziren, eta orain «hiru handi eta txiki gutxi daude», adierazi du. Baina harremanen hoztasunak aipatuta, kasu honetan ere, lehen baserritarrekin ere harreman gehiago zutela adierazi du. «Lehen herriko gehienok Alegian egiten genituen erosketak, eta jende askorekin Alegian egiten genuen topo». Orain, erosketak egitera joateko ohiturak ere aldatu direla azpimarratu du.

Arzallusek dio, «herrira iritsi bezala ikusten da lursailak oso ondo zainduta daudela, eta beti esan izan da herri oso zaindua dela». Gogora ekarri du bikoteak duela egun gutxi esana: «gustua ematen du herri hau begiratzeak». «Guk ez dugu lurrik, eta pisu batean bizi gara. Baina bai saiatzen gara herriko produktuak kontsumitzen; aldameneko etxekoari porruak,...», jarraitu du. Lan handi bat dagoela atzean esan du, eta «herri txiki batean bertako kontsumitzaile naiz, baina zerbait pentsatu beharra dago jendeak amorerik ez emateko. Azken batean ez duelako irtenbiderik ikusten jendeak utzi egiten du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!