ELKARRIZKETA

«Landa eremuan bizitzeak ez du ia ezer txarrik»

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 14a, 07:57

Josune Argote Zuriarrain (Orendain, 1958) pozik bizi da sorterrian, eta Suitzan edota Donostian bizi izan bada ere, ez du Orendain bezalakorik aurkitu.

Orendainen jaioa da, eta bizitzeko leku ezin hobea iruditzen zaio; herri txikia izanagatik ez du ezer faltan botatzen.

Orendainen landa eremuan jaioa zara. Zugan izan du eraginik horrek?

Hemen jaio nintzen eta oso pozik nago gainera. Umetan asko jolasten genuen plaza inguruko umeak, eta oso ondo pasatzen genuen. Gurasoek taberna zuten eta lana ere egin behar izan genuen. Hamahiru urteak arte herrian genuen eskola, eta gero Tolosara joan ginen. Han bai, gu herrikoak edo baserritarrak ginen. Monjetara joan ginen, eta euskaraz ez genuen egiten ezertxo ere. Gogoan dut batzuk oso gaizki pasa zutela. Gu herrietakoak elkartzen ginen. Lehenengo urtea gogorra izan, eta garai hartan klasismo asko zegoen. Herri txikietakoak arraroak ginen.

Ingurune honetan jaio eta bizitzea plazera da?

Niretzat bai. Denda izan genuen Donostian, baina Orendainen bizitzen jarraitu genuen. Autoarekin joan-etorria egin, eta hemengo isiltasunak betetzen nau. Agian honetara ohitu naiz, eta jende askorekin ez naiz eroso sentitzen.

Orendainen jaioa zara, baina ez baserrian. Arraroa zen hori?

Ez. Normala zen, ez genuen ezberdintasunik egiten bat baserrikoa edo bestea kalekoa zen. Herrigunekoak elkartzen ginen, eta batzuk baserrikoak ziren eta besteak ez. Denak batera ibiltzen ginen gazteagoak eta helduagoak.

Zerbitzu aldetik hutsunerik nabaritu duzu?

Nik uste dut natural eraman dugula. Okinak etortzen ziren, eta jendea horiekin moldatzen zen. Esaterako, nire amak ere, haragia behar zuela-eta Alegiara deitu, eta okinarekin bidaltzen zioten eskaera. Gozokiak guk saltzen genituen. Egokitzen jakin dugu, eta behin helduago izan da, Alegiako bidegurutzean jartzen ginen, eta beti pasatzen zen norbait autoan igotzeko. Bagenekien nola mugitu, eta agian oraingo umeek ez dakitena da, edo baliteke arrisku gehiago izatea orain.

Bi seme dituzu, eta Orendainen bizitzen jarraitzea erabaki zenuen.

Bi urtez kanpoan bizi izan nintzen, baina berriz ere, Orendainera etorri nintzen eta hemen gelditu.

Zein alde on eta txar ditu landa eremuan bizitzeak?

Niretzat kasik ez dago txarrik. Orain, gainera, guztiek dute kotxea eta edozer behar duzula autoarekin zoaz. Pandemia izan den garaian ere ez dut bota faltan norabait joan behar hori. Etxean terraza dut, baratze txiki bat... ez dut bota faltan ezer. Haurrak hazten doazen heinean da, agian, gora eta behera bueltaka ibili behar duzula. Baina hiri handi batean ere, erdigunean bizi ez bazara, umeekin antzera ibili behar dela iruditzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!