ELKARRIZKETA

«Berastegin minutuak beste era batera pasatzen dira»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 14a, 07:58

Uxue Arzallus (Andoain, 1985) hamalau urterekin Donostiara joan zen bizitzera. Bikotearekin Berastegin bizitzeko hautua egin zuen, eta pozik dago erabakiarekin: «Ingurua asko gustatzen zait, eta baita landa eremuak ematen dizun mendiaren gertutasuna ere».

Seme-alabak hazteko herri txiki bat nahi zuten, eta Berastegi parean egokitu bazitzaien ere, ez da inoiz damutu.

Zergatik aukeratu zenuten bizitzeko landa eremuko herria?

Bikotea bilbotarra da eta bera Andoain inguruan bizi zen, eta familia posible batez hizketan hastean landa eremuan pentsatzen hasi ginen. Aukera posibleak begiratzen hasi ginen eta parean tokatu zitzaigulako izan zen Berastegi. Umeak izaterako garaian herri txikietan gertuagoko harremanak daudela iruditzen zitzaigun, eta gustatzen zitzaigun hori. Euskaraz bizitzeko ere errazagoa izango zela uste genuen. Umeak giro erabat euskaldunean haztea nahi genuen.

Erraza izan zen herri txikira egokitzea?

Nahikoa erraz bizi izan dugu. Etxea erosi ondoren unibertsitateko lagun nuen batek lagun asko zituen Berastegin, eta egia da horrek ate asko ireki zizkigula. Eta behin umeak izan ondoren mundu bat irekitzen zaizu; harremanen mundu bat, eta gaur egun oso-oso harreman estuak ditugu. Esaterako lana Donostian egiten dut, eta egun berean lanetik atera eta kotxez Berastegira iristean, eta nahiz eta denok ere bizitza erritmo antzekoak ditugun, Berastegin kalean erritmo pausatuago bat sumatzen da. Minutuak beste era batera pasatzen dira. Lasaiago.

Norberak ere jarri behar du harremanak sendotzeko, eta askotan, herri txikiak lotarako herri ere bilakatzen dira.

Zerbitzu aldetik zer esan? Gabeziak badira?

Nik egia esan ez dut zerbitzu falta gehiegi sumatzen. Egia esan Berastegik denetarik du; kutxazaina, haur eskola, eskola, bi denda, arrantzalea etortzen da, mediku kontsulta, farmazia... Eta Berastegin ekimen eta kultur aukera oso zabala du. Ez dut faltan ezer asko botatzen. Dendak, zinema... baina ez dakit hiri handietan bizi direnak ere egunero joaten diren.

Egunero autoa hartu beharra?

Batez ere neguan izan daiteke. A-15 ondo dago berritzea, baina errei bakarra jartzen dutenean eta elurra bada herrian sortzen den trafikoa esaterako bada zailtasun bat. Elurra egitean errepidea noiz garbitu edo, urtero dago egunen bat lanera berandu iristen garena.

Zelatatua edo kontrolatua sentitu zara?

Beti esan izan da, eta ez dakit egia den edo topiko bat den. Ziurrekin bietatik izango du. Ni egia esan ez naiz sentitu zelatatua, eta agian nire izateko eragatik da. Ni irribarre batekin noa ingurura begira, eta ez dut atzera gehiegi begiratzen. Baldin bada ez naiz jabetu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!