Villabonako jaiak 2022

Herri oso bat borrokan, indarkeria matxistaren aurka

Leyre Carrasco 2022ko uzt. 31a, 21:55

Villabonako mugimendu feministak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute Errebote plazan, azken egunotan jaien testuinguruan izandako eraso matxistak salatzeko.

Aurtengo Santio jaien amaiera tristea eta gordina izan da. Modu horretan ikusi eta sentitu dute gaur arratsaldean egin den elkarretaratzera gerturatu diren herritarrek. Villabonako mugimendu feministak deituta, ehundaka lagun bildu dira Errebote plazan, festak hasi zirenetik gaur arte izan diren eraso matxistak salatzeko. Mezua ozena eta argia izan da, halaxe utzi dute oholtza gainera igo direnek: “Ez dugu beldurrik izan nahi etxerako bidean, ez tabernan, ez komunera joatean ere. Ez dut etxera ondo iritsi naizen mezurik bidali nahi. Askatasuna nahi dugu. Errespetua. Espazioa. Merezi dugun eta gurea behar lukeen espazioa nahi dugu. Kaleak, plazak, txoznak, komunak eta eszenatokiak ere gureak dira. Hemen gaude eta hemen izango gaituzue. Pauso bat bera ere ez dugu atzera emango”.

Azken bi gauetako egoera zein izan den ere azaldu dute gaurko manifestuan, eta salatu dutenez “erasotzaile antolatu baten presentzia sumatzen zen”. Halaber, erasoak saiheste aldera eta emakumeen arteko babesa bermatu nahian, bart gauen ostalaritzak izan zuen jokabidea eskertu dute: “Atzo emandako erantzuna izugarria izan zen. Herri oso bat mobilizatu zen minutu gutxitan. Etxera laguntzeko txandak osatuz, babesa emanez eta elkar zainduz. Argi geratu da herri oso bat dagoela borrokan, indarkeria matxistaren aurka”.

Inongo unean ahaztu gabe, oholtza gainean bereziki gogoan hartu dituzte erasoak pairatu dituzten emakumeak: “Gure babes eta besarkadarik goxoena bidali nahi diegu azken aste honetan erasotuak izan diren emakume guztiei, haien familia eta lagunei. Zuekin eta zuentzat gaude”.



 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!