Martxoaren 27ra arte erantzun daiteke herriko merkataritza suspertzeko planaren inguruko inkesta

Ataria 2022ko mar. 16a, 14:19

Inkestak betetzeko epea martxoaren 27an amaituko da.

Amasa-Villabonako Udlak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzeko plan berezia jarri du martxan, Oria Merkatari elkartearekin elkarlanean. Sektorea berrindartzeko planaren lanketa prozesuaren barruan, webgune bat sortu du Ikertalde Grupo Consultor S.A.k, estatistiketan eta merkatu azterlanetan aditua den enpresak. Orrialde horretan proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, herritarrei zein merkatariei galdetegi zehatz baten bidez parte hartzeko aukera ematen zaie.

Merkatari eta ostalariek merkataritza egoera eta beharrei buruz inkesta betetzeko aukera dute eta gainontzeko herritar eta eragileek ere iritzi eta beharrak azaldu ahal izango dituzte, hurrengo gunean. Inkestak betetzeko epea martxoaren 27an amaituko da, eta Amasa-Villabonako Udalak herritarrak zein merkatariak animatu ditu galdetegiak erantzutera, eta azterketa honetan aktiboki parte hartzera.

"Azken urteotan tokiko merkataritza sektorea etengabeko aldaketak jasotzen ari da. Gainera, COVID-19aren pandemiak joera hori areagotu egin du, eta eragin zuzena izan du bai komertzializazio moduetan eta baita kontsumo ohituretan ere. Sektoreak berrantolaketa eta lehiakortasunerako hobekuntzen beharra dauka", aipatu dute udal ordezkariek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!