Merkataritza Sustatzeko Plana osatzeko prozesua jarri dute martxan

Jon Miranda Labaien 2022ko ots. 15a, 07:58

Amasa-Villabonako Udalak Ikertalde enpresa kontratatu du, herriko merkataritzaren egoeraren inguruko diagnosi bat osatu eta ekintza plan bat diseinatzeko.

Amasa-Villabonako Udalak Villabonako Merkataritza Sustatzeko Plana osatzeko prozesua martxan jartzea erabaki du Oria merkatari elkartearekin adostuta. Horretarako, estatistiketan eta merkatu azterlanetan aditua den Ikertalde Grupo Consultor S.A. enpresa kontratatu du eta 7.260 euro inbertituko ditu proiektuan.

Beatriz Unzue alkateak nabarmendu duenez, tokiko merkataritza sustatu eta bultzatzearen aldeko politikak garatzen eta neurriak hartzen jarraitu nahi dute udaletik. "Zalantzarik gabe, merkataritza sektoreak garrantzia handia du Amasa-Villabonako ekonomian eta gizartean. Enplegu asko dituen funtsezko sektore ekonomiko bat izatetik harago, saltoki eta dendek herriko kaleei ematen dien bizitza azpimarratu behar da". 

Alkatearen esanetan COVID-19ak sortutako krisiak eragin nabarmena izan du sektore ekonomiko honetan: "Inoiz baino ageriago geratu da herriko merkataritza sektorea bizirik eta osasuntsu mantentzeko neurriak hartu behar direla". Asmo horrekin eta Oria merkatari elkartearekin adostuta, Villabonako Merkataritza Sustatzeko plana jarriko dute martxan, egoera ezagutzeko balioko duen diagnostiko bat egin eta ondoren herriko egoerara egokitutako ekintza plan bat diseinatzeko.

Herritarren parte hartzearekin

Ikertalde enpresako ordezkari den Gorka Goikoetxeak prozesuaren eta ikerketaren azalpen teknikoak eman ditu. Bost fase ezberdin identifikatu dituzte prozesua martxan jartzeko. Lehenengo batean, euskarri guztiak eta beharrezko analisi guztiak diseinatuko dituzte, aurretiazko diagnosi egiteko. "Galdetegiak sortuko ditugu, web espazio bat ahalbidetuko dugu eta edozein herritarrek parte ahal izateko bideak zabalduko ditugu". Aurretik udalak edo eskualdeko eragileek Villabonako merkataritzaren inguruan egindako ikerketak ere baliatuko dituzte lehen fasean.

Bigarren fase batean eskaintza aztertuko dute. Herriko saltokien profila, egitura, merkataritzarako espazioak, argiteria eta hiri altzariak aztertuko dituzte. Horrekin batera, dendari guztiei galdetegi bat pasako zaie, zein behar dituzten identifikatzeko. Ondoren, bertako kontsumitzaileen joera aztertuko dute. "Galdetuko diegu zenbat gastatzen duten hemen, zenbat kanpoan, kanpora joaten badira nora joaten diren, zertara joaten diren, zer baloratzen duten tokiko merkataritzaz.... Horretarako galdetegiak banatuko ditugu eta etxeetara deiak egingo ditugu", esan du Goikoetxeak. Eragile eta kolektibo ezberdinekin lan saioak ere aurreikusten dituzte fase honetan.

"Merkataritza sektorearen paradigma orokor bat badago eta tendentzia orokor batzuk sumatzen dira, baina tokian tokiko joera batzuk ere badaude eta horietan jarriko dugu arreta". Ahuleziak eta mehatxuak aztertuko dituzte eta aprobetxatu daitezkeen indarguneetan jarriko dute arreta. "Diagnosi horretatik abiatuta, ahalik eta parte hartze handienarekin ekintza plan bat diseinatuko dugu. Seguru gaude udalarentzat, merkatari elkartearentzat, saltokientzat eta hainbat eragileentzat etxeko lanak jasoko direla bertan". 

Oria merkatari elkartearen izenean Arantxa Mujika Zabalak aipatu du urtetik urtera gauzak aldatzen doazela. "Ongi edo gaizki egiten ari garenaren zalantza izaten dugu askotan eta uste dut lan honek lagunduko digula gauzak argitzen. Pentsatzen dut orain ari garela pandemiaren ondorioak nabaritzen. Iaz herritik ateratzeko debekua jarrita zegoenez ondorioak ez ziren hainbeste nabaritzen, baina neurriak malgutu dituztenean, badirudi aurreko puntura itzultzen ari garela".

Udaletik herritarrak animatu dituzte ikerketa honetan parte hartzera eta eskatutako inkestak erantzutera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!