Ukrainarekiko elkartasuna adierazteko Eudelen deialdiarekin bate egiteko eskatu du PSEk

Ataria 2022ko mar. 8a, 15:36

PSE-EEko zinegotzi Maria Luisa Arijak martxoaren 9an, 12:00etan, Eudelek deitutako bost minutuko kontzentrazio isilarekin bat egiteko eskaera luzatu dio udal gobernuari.

Udal talde sozialistaren bozeramaile Maria Luisa Arijak Villabonako alkate Beatriz Unzueri eskatu dio udalak bat egin dezala, Eudelek egindako deialdiarekin, eta bihar, martxoak 9, 12: 00etan bost minutuko kontzentrazio isila deitu dezala udaletxearen aurrean, billabonatarren babesa eta elkartasuna ukrainar herriari helarazteko.

Gainera, azaldu duenez, joan den astean bozeramaile sozialistak Unzueri planteatu zion Oriamendi auzoko udal jabetzako etxebizitza Ukrainako gerratik ihes egin duten errefuxiatuei eskaintzea. Esan gabe doa pozik agertu dela alkateak aintzat hartu eta gauzatuko duelako. Ildo horretan, nabarmendu du gure udalerriak protagonismoa izango duela errefuxiatu ukrainarren lankidetza eta harrera kanpainan, PSE-EEk tematu zelako etxebizitza hori birgaitzeko. Arijak esan du udal talde sozialista izan zela ekimen horren beharra plazaratu zuena: "Bere garaian EH Bilduk proiektuari oztopoak jarri zizkion, ez baitzuen lehentasun gisa ikusten gizarte-larrialdiko egoerei erantzuteko ekimen hori",

PSE-EEko zinegotziak ohar batean azaldu duenez, egoerak eskatzen duen mailan jardun behar du udalak Ukrainako herriari babesa emanez,  "errefuxiatuak hartzeko edo dohaintzak bidaltzeko". Ostatua emateaz gain, gizarte-laguntza eta itzultzaileak eskaini behar zaizkiela esan du, eta haurrekin etortzen badira, horiek eskolatzeko beharrezko izapideak egin behar direla udaletik. "Oso harro nago billabonatarrekin, izan ere hasieratik elkartasun olatua hedatu da herrian", esan du Arijak.  Udalerrian bizi diren ukrainarrei elkartasun mezua bidali die zinegotziak familia sozialistaren izenean.

Azkenik, nabarmendu du udalean ordezkatuta dauden indar politiko guztiek adostutako adierazpen instituzionala onartu zutela otsaileko udalbatzarrean, Ukrainari elkartasuna adierazteko eta Errusiaren erasoa gaitzesteko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!