Amasa-Villabonako Udalak Errusiaren eraso militarra salatu du adierazpen instituzional batean, ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunarekin. Erasoa berehala bertan behera uzteko eta errusiar indar militarrak Ukrainar lurraldetik erretiratzeko eskatu du, biktimen kopurua biderkatu aurretik.
Estatuen arteko ezberdintasunak edo gatazkak Nazio Batuen Gutunaren esparruan konpondu behar direla berretsi du udalak, bide baketsu eta diplomatikoen bidez, eta eragile guztiei gerratik urrunduko gaituzten konponbideak bila ditzaten dei egin die. Gerra oro arbuiatu eta babes eta elkartasun osoa adierazi dio Ukrainako herriari, bide batez, europar herrialde ezberdinetara babes bila joaten diren desplazatutako pertsonei arreta eman diezaietela eskatu du.
Errusiako gobernuak egindako erasoa, "justifikaziorik gabeko erasoa da", Amasa-Villabonako Udalaren ustetan, "nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena suposatzen duena eta segurtasun globala eta egonkortasuna arriskuan jartzen dituena".
Saharako herriari elkartasuna
Pasa den otsailaren 22an egindako osoko bilkuran Amasa-Villabonako udalbatzak adierazpen gehiago onartu zituen. EH Bildu eta EAJ alderdien aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin, Saharako herriari babesa adierazteko, eta herri honek duen autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aldarrikatzeko testua onartu zuten.
Amasa-Villabonako Udalak adierazi du Fronte Polisarioa dela Saharako herriaren ordezkari legitimo eta bakarra, NBEk eta nazioarteko komunitateak hala onartuta. Aldi berean, salatu du Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela eta exijitu diote erresuma alauiari saharar preso politikoak eta kontzientziako presoak berehala aska ditzala eta kontrolatzen dituen espetxeetan giza eskubideen urraketak eten ditzala.
Espainiako estatuak Mendebaldeko Saharako egoerarekin duen erantzukizun legal eta politikoaz jabetuta, udalak dei egin dio Espainiako gobernuari ofizialki adierazi dezan Madrilgo Akordioak erabat deusezak direla. Modu berean, Fronte Polisarioaren ordezkaritzari estatus diplomatikoa ematea eskatu eta exijitu du errefuxiatu kanpalekuetara lankidetza eta laguntza humanitarioa areagotzea.
Amaitzeko, udalak esker ona adierazi die saharar herriaren adiskidetasunaren alde egunero elkartasunean eta gizartean lan egiten duten elkarte eta talde solidarioei. Oporrak Bakean haurren harrera programaren funtsezko garrantzia aitortu du eta saharar eta euskal familien arteko elkartasunaren eta afektu eta hurbiltasun harremanen adierazle nagusitzat jo du.
Otsailaren 27a Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrenaren harira onartu du adierazpena Amasa-Villabonako Udalak.
Aurrez aurreko arreta pertsonalizatuaren alde
Azkeneko osoko bilkuran, udalbatzak aho batez onartu du behar bereziak dituzten kontsumitzaileek, batez ere adineko pertsonek, aurrez aurreko arreta jasotzeko duten eskubidea aldarrikatzen duen adierazpena. Adierazpena bereziki banketxeei, izaera publikoko erakundeei eta elektrizitatea eta gasa kudeatzeko bulegoei zuzendu zaie, besteak beste, sistema digitalak edo makinak erabiltzeko betebeharra saihestu dezaten eta aurrez aurreko arreta eskaintzeko prestatutako ordutegia errespeta dezaten.
Amasa-Villabonako Udalak konpromisoa hartu du administrazio publiko honetan egin behar dituzten izapideetan zailtasun bereziak izan ditzaketen adinekoen eta edozein adinetako pertsonen zailtasunak berrikusteko eta zerbitzuak ematean dituzten premiak kontuan hartzeko. Zerbitzuak ematen dituzten enpresei eta erakundeei eskatzen die kontsumitzaile kalteberei arreta pertsonalizatua emateko, bai adinekoak direlako, bai zailtasun bereziak izan ditzaketelako, eta haientzako arreta azkarra eskatu du, kalean itxaroteko denborak saihestuz.
Eskaera bereziki banketxeei zuzendu die udalak eta aurrez aurreko zerbitzua lanaldi osoan eskain dezatela eskatu die, 65 urtetik gorako pertsonei zerbitzu horiek eten izanak eragiten dizkien kalteak gainditzeko. Bide batez, izaera publikoko erakundeei eta elektrizitatea eta gasa kudeatzeko bulegoei eskatzen die sistema digitalak edo makinak erabiltzeko betebeharra saihesteko eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetara heltzeko.
Udalak, bere aldetik, konpromisoa hartu du herritarrei zerbitzu guztietan arreta emateko prestatutako orduetan aurrez aurreko arreta eskaintzeko. Era berean, Amasa-Villabonako Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen die beren eskumeneko zerbitzu bakoitzean aurrez aurreko arreta emateko, behar duten pertsonek erantzuna jaso ahal izan dezaten beren eskariak kudeatzean sortzen zaizkien arazoei, pertsonen kalean itxarotea saihestuz.
Amasa-Villabonako Udalak tokiko merkataritza-establezimenduei eta ostalaritza-establezimenduei gonbidapena egiten die adineko pertsonekin eta zailtasun bereziak dituzten pertsonekin adiskidetasuna errazteko neurriak praktikan jar ditzaten, hala nola, ate errazak, sarrerako heldulekuak, itxaroteko eserlekuak, poltsetarako eta paketeetarako laguntzak, probaleku eroso eta irisgarriak, letra argi eta handiko kartelak, informazio eskuragarria, eta abar. Horretarako, Amasa-Villabonako Udalak arreta berezia eskainiko die sentsibilizazio kanpaina bereziei.