Azaroaren 19tik 28ra bozkatu ahal izango dute herritarrek galdeketan

Jon Miranda Labaien 2021ko aza. 9a, 19:59

Aurkeztutako 11 proiektuetatik udalak 2022an gauzatuko duena aukeratuko dute 16 urtetik gorako herritarrek; telematikoki eta presentzialki eman ahal izango da botoa

Amasarrek eta billabonatarrek azaroaren 19tik 28ra gauzatuko den herri galdeketan parte hartzeko aukera izango dute. 16 urte beteta dituzten eta Amasa-Villabonan erroldatuta dauden herritar guztiek izango dute bozkatzeko eskubidea eta horretarako bi aukera izango dituzte: azaroaren 19tik 26ra Villabona.eus webguneko azalean jarriko duten bozketa gunean; eta azaroaren 27an eta 28an Gurea zinema aretoko sarreran jarriko duten hautetsontzian, larunbatean 10:00etatik 20:00etara eta igandean 10:00etatik 15:00etara. «11 proiektu hauetatik, 2022. urtean udalak zein gauzatzea gustatuko litzaizuke?» galderari erantzun beharko diote herritarrek.

Amasa-Villabonan apirilean abiatu zuten herritarren parte hartze prozesuaren lehen fasea amaituta, herritarrek edo herriko taldeek proposatutako 11 proiektuk parte hartuko dute herri galdeketan. Dagoeneko proiektu hauetako bakoitzaren ezaugarri nagusiak biltzen dituen aldizkari informatiboa kaleratu eta zabaldu du udalak, baina horrez gain, proiektuaren inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute herritarrek, erakusketa baten bidez. Azaroaren 19tik 21era Gurea zinema aretoko erakusketa gelan egingo dute. Proiektu bakoitzak bere espazioa izango du eta proiektu horietako bakoitzaren proposatzaileak izan diren herritarrek eta taldeetako kideek, beren egitasmoari buruzko azalpenak eman ahal izango dizkiete gerturatzen diren herritarrei.

Amasa-Villabonako Udaleko Herritarren Parte Hartze batzorde bereziko ordezkari politikoek eman dituzte galdeketaren inguruko xehetasunak. Patxi Agirre EAJko ordezkariak azaldu du bozketa sistema: «Gehien gustatzen zaien proiektuari hiru puntu eman beharko dizkiote, bigarrenari bi puntu eta hirugarrenari puntu bakarra. Gehien gustatzen zaiena aukeratu beharko dute behintzat, eta hautazkoa izango da bigarren edo hirugarren proiektuak markatzea».

Puntu gehien jasoko dituen proiektua galdeketaren «irabazle» gisa izendatuko dute eta proiektu hori 2022an gauzatzeko konpromisoa hartu du Amasa-Villabonako Udalak. Beatriz Unzue alkateak azaldu ditu hortik aurrerakoak: «Puntu gehien jasotzen dituen bigarren proiektuaren aurrekontua, irabazle izan den proiektuaren aurrekontuari batuko zaio. Baturaren emaitza 400.000 euro baino txikiagoa bada, udalak proiektu hori gauzatzeko konpromisoa hartuko du. Emaitzak 400.000 euroko kopurua gainditzen badu udaleko Herritarren Parte Hartze batzorde berezian erabakiko da udalak proiektua gauzatzeko konpromisoa hartuko duen ala ez».

Puntu gehien jasoko dituen hirugarren proiektuari buruz ere hitz egin du alkateak eta esan du hiru aurrekontuen gehikuntzaren emaitza 400.000 euro baino txikiagoa bada, udalak hiru proiektuak gauzatzeko konpromisoa hartuko duela.

Xehetasunak ere eman dituzte bozketa moduen inguruan. Azaroaren 19tik 26ra Villabona.eus webguneko azalean jarriko dute bozketa-gunea eta bertan sartu eta bozkatu ahal izateko NAN zenbakia, jaiotze data eta telefono zenbakia jarri beharko ditu herritarrak. Bestalde, azaroaren 27an 10:00etatik 20:00etara, eta azaroaren 28an 10:00etatik 15:00etara Gurea zineko sarreran jarriko dute bozketa mahaia hautetsontzi batekin. Mahai batean bozka paperak eta boligrafoak egongo dira eta sekretuki bozkatzeko eremu bat jarriko dutela ere esan dute udal ordezkariek.

PARTE HARTZEKO DEIA

Alkatearekin batera, EH Bilduko Xabat Laborde, EAJko Patxi Agirre eta PSE-EEko Maria Luisa Arijak hartu dute parte, herri galdeketaren aurkezpen agerraldian. Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei. «Prozesu honek arrakasta izan dezan, oso garrantzitsua izango da parte hartze maila handia lortzea», esan du alkateak.

Unzueren esanetan udalak antolatu duen prozesu parte hartzailea, «mugarri garrantzitsua» izango da, «herritarrak ahalduntzeko eta udal politiketan herritarren hitza eta erabakia kontuan izateko». Demokrazia eredu «zuzen eta parte hartzaileago» bat eraikitzeko pauso esanguratsua izatea nahi dute Amasa-Villabonako udal ordezkariek: «Konbentzituta gaude, aurrerantzean, udal honen gobernantza ereduan, hartu beharreko erabaki garrantzitsuak herritarren zuzeneko erabakiaren esku utziko direla, eta prozesu parte hartzaile honek norabide horretan aurrerapauso sendoa izateko bokazioa du».

HERRI GALDEKETA

Erakusketa

Azaroaren 19tik 21era. Gurea zinema aretoko erakusketa gelan aukeran izango diren 11 proiektuen erakusketa jarriko dute.

Bozketa telematikoa

Azaroaren 19tik 26ra. Villabona.eus atarian eman ahal izango dute botoa herritarrek NAN zenbakia, jaiotze data eta telefono zenbakia adierazita. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.

Bozketa presentziala

Azaroaren 27an eta 28an. Larunbatez 10:00etatik 20:00etara; eta igandez 10:00etatik 15:00etara Gurea zinema aretoko sarreran jarriko dute bozketa mahaia eta hautetsontzia.

Kontaketa. Botoen kontaketa 15:00etan hasiko da Gurea aretoan bertan eta ekitaldi publikoa izango da, edonork jarraitu ahal izango du zuzenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!