Herri galdeketan 11 proiekturen artean erabaki ahal izango dute

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 13a, 19:59

Amasa-Villabonako Herritarren Parte Hartze batzordeak iaz bertan behera utzitako prozesua berreskuratu du; azaroa bukaeran egingo dute herri galdeketa

Amasa-Villabonan azaro bukaeran egingo den herri galdeketan 16 urtetik gorako herritarrek, 400.000 euroko aurrekontua zein inbertsiotara bideratu erabaki ahal izango dute. 11 proiektu izango dituzte aukeran eta herri galdeketaren emaitza loteslea denez, hautatuko proiektua 2022. urtean gauzatuko du udalak.

Herritarren Parte Hartze batzorde bereziko ordezkari politikoek eman dute 2021eko parte hartze prozesuaren barruan gaur arte eman dituzten urratsen berri. Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde alkateordeak eta Patxi Agirre EAJ-ko udal taldeko ordezkariak eman dituzte xehetasunak eta nabarmendu dute alderdi politiko guztien adostasunarekin apirilaren 19ko bilkuran erabaki zuela Herritarren Parte Hartze batzorde bereziak iaz etendako prozesua berriro martxan jartzea. «COVID-19aren pandemiaren eraginez, bertan behera geratu zen 2020an abiatutako herritarren parte hartze prozesua», esan du Unzue alkateak. Apirileko bilkuran erabaki zuten udal ordezkariek, prozesu hau garatzeko Emun kooperatibaren aholkularitza zerbitzua kontratatzea. «Udalak berak dituen bitartekoekin soilik oso zaila da horrelako parte hartze prozesua eta herri galdeketa aurrera eramatea», esan dute udal ordezkariek.

Apirilaren 29an udalbatzak osoko bilkuran prozesua martxan jartzea erabaki zuen eta ordutik aurrera, 11 proiektu edo proposamen onartu bitartean emandako pauso «garrantzitsuak» aipatu ditu Patxi Agirre EAJ-ko zinegotziak.

PROZESUA PAUSOZ PAUSO

Amasa-Villabonako herritarrek, eragileek edo elkarteek proiektu proposamenak aurkezteko epea zabaldu zuen udalak maiatzaren 1etik ekainaren 15era. Epealdi horretan 18 proposamen aurkeztu zituzten. Ekainaren 15etik uztailaren 26ra bitartean, hirigintza, ingurumena eta kultura sailetako udal teknikariek proposamen guztiak aztertu zituzten eta proposamen bakoitzaren inguruko txosten teknikoa osatu zuten. «Txosten tekniko guztiak aztertu ondoren, Herritarren Parte Hartze batzorde berezian honakoa erabaki zen: hiru proposamen onartzea, eta ondorioz zuzenean herri galdeketara eramatea; arrazoi tekniko ezberdinak direla medio, zazpi proposamen baztertzea; eta beste zortzi proposamenei dokumentazio osagarria aurkezteko irailaren 15era bitarteko epea ematea», azaldu du Agirrek.

Irailaren 15erako aipatutako zortzi proposamenen dokumentazio osagarria udalean aurkeztu zutela nabarmendu dute batzordeko kideek eta prozesua gidatu duen lan mahaiak dokumentazio guztia aztertu ondoren, zortzi proposamen horiek ontzat ematea erabaki zutela. Beraz, aurreko hiru proposamenekin eta irailaren amaieran onartutako beste zortziekin, 11 dira guztira Herritarren Parte Hartze batzordeak onartu dituen proiektuak, azaro amaieran egingo den herri galdeketara eramateko. Erabaki hori ere alderdi politiko guztien arteko adostasunarekin hartu dela azpimarratu nahi du EAJ-ko ordezkariak.

Unzueren esanetan, hilabete amaierarako proiektu guzti hauen informazio xehatua biltzen duen aldizkari informatiboa argitaratuko du udalak eta herriko etxe guztietara banatu. «Herri galdeketa azaroan egingo da eta datorren hileko lehen astean herri galdeketari buruzko informazio zehatza zabalduko dugu: data zehatza, bozkatzeko moduak, bete beharreko baldintzak eta abar. Xehetasun guzti hauek parte hartze prozesuko lan taldean eta udaleko Herritarren Parte Hartze batzorde berezian hilabete honetan adostuko ditugu», esan du alkateak. Besteak beste, hilabete amaieran emango dituzten datuen artean, proiektu bakoitzak duen aurrekontua zehaztuko dute. Herri galdeketan hautatutako proiektuen aurrekontuaren arabera, egitasmo bakarra edo gehiago egiteko aukera aztertuko dutela jakinarazi dute batzordean parte hartzen duten ordezkari politikoek.

Aurretik adostuta dagoen bezala, galdeketaren emaitza loteslea izango da, eta beraz, azaro amaieran amasarrek eta billabonatarrek lehenetsitako proiektuak gauzatuko ditu udalak 2022an. 400.000 euroko kopurua gorde du horretarako datorren urtean.

PROIEKTUAK

1. Parke bio-osasungarria. Kale Nagusiaren hasierako pasealekuan parke bio osasungarria eraikitzea.

2. Oinezkoentzat egokitzea. Txermin auzoko 19, 21, 23 eta 25 zenbakien atzealdeko kalea, Zubimusu ikastolaren alboko kalea, alegia, oinezkoentzat jartzea.

3. Txermingo aparkalekua. Txermingo aparkalekua eraberritu eta inguruaren urbanizazioa egitea.

4. Errebote plazan panel berriak. Plazaren arkupeetan eta bere inguruan panel berriak jartzea, Errebotearen historiari buruzkoak.

5. Bolatokia, padel pista eta erabilera anitzeko espazioa. Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea eta padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzea.

6. Haur parkea. Maiatzaren Lehena plaza ondoko haur parkea estaltzea.

7. Bide park. Otsabin bide park edo bizikletan aritzeko gune zabala sortzea.

8. Etxeondoko plaza. Etxeondo auzoko plazaren zoladura konpontzea.

9. Parke megalitikoa. Komizarko natura gunean, parke megalitikoa egitea.

10. Skate park-a. Olaederra kiroldegiaren inguruan skate park-a eraikitzea.

11. Kalistenia parkea. Otsabiko parkearen alboan parkea jartzea. Kalistenia ariketa sistema bat da, giharren mugimenduan oinarritzen dena, makina edo tresna gabe, gorputzaren pisua baliatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!