ERREPORTAJEA

«Uste dut zientzia arloko irakasleok, gehienbat, dibulgatzaile izan beharko genukeela. Nik neure burua hor kokatzen dut»

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 26a, 07:58

Iñaki Mendizabal. J. MIRANDA

Jesusen Bihotza ikastolan ikasle izan zen Iñaki Mendizabal Jauregui (Amasa-Villabona, 1977) eta haren oinordeko den Zubimusu ikastolan dabil irakasle. Ingeniaritza ikasketak egin ondoren, eta epe batean enpresa pribatuan jardun ostean, 2003-2004 ikasturtean hasi zen maisu lanetan. «Oso gustura nabil, uste dut urteek aurrera egin ahala deskubritu dudala nire benetako bokazioa. Ikasleekiko tratua gustukoa dut».

Bigarren hezkuntzan jarduten du irakasle zientzia arloko ikasgaietan. «12 eta 16 urte arteko gazteak dira, nerabezaroa bete-betean bizi dutenak eta haien interesak ez dira bereziki curriculumean datozenak. Horregatik guretzat erronka da haiengan gai hauekiko interesa piztea», esan du Mendizabalek. Bere iritzian, gaur egun, oraindik ere, zientzietako ikasgai gehienen oinarrian adierazpen matematikoa dago eta horrek berak ekartzen du gazte askoren mesfidantza ikasgai hauekiko: «Lehen Hezkuntzatik matematikek presentzia handia dute irakaskuntzan. Gainera, oso goiz hasten gara kontzeptu abstraktuak lantzen eta ume guztiek ez dute aldi berean abstrakzio maila garatzen. Une horretan atzera geratzen denak agian izan ditzake zailtasun batzuk eta ibili daiteke arrastaka zientzia arloko beste ikasgaietan ere».

Baina badaude alternatibak Zubimusu ikastolako irakaslearen iritzian. Dagoeneko zenbait ikastetxetan hasiak dira matematika manipulatiboa deitzen zaionarekin, ukigarriak diren elementuak erabilita erakusten dituzte ariketa matematiko oinarrizkoenak. Azkeneko urteetan ari dira pedagogiaren arloan aurrerapenak egiten baina oraindik ere aurrerapauso batzuk eman beharraz hitz egin du Mendizabalek: «Teknologia berriek, adibidez, asko errazten dute gure lana. Arbel digitalek, ordenagailu eramangarriek ikusgarriagoa egiten dute lantzen ari garen gaia. Gaur egun material asko dago ikus-entzunezkoetan oinarrituta eta horrek asko laguntzen die ikasleei. Gure garaiko klase magistralek dagoeneko ez dute funtzionatzen».

Mendizabalek aitortzen du gaur egungo irakaskuntza sistemak curriculum bat betetzera behartzen dituela irakasleak eta gehienetan «eskuak lotuta» egin behar izaten dutela lan. «Zorionez pixkanaka aldatzen ari da kontua eta konpetentzien lanketan jartzen da arreta gehiago. Uste dut, zientzia arloko irakasleok gehienbat dibulgatzaile izan beharko genukeela. Nik neure burua hor kokatzen dut. Gustatuko litzaidake nire lanak balio izatea ikasleei begiak irekitzeko eta zientziak zenbat gauzetarako balio duen erakusteko. Guztientzat oinarri batzuk ongi finkatu eta sakondu nahi duenarentzat bideak seinalatzea da gure lana».

Zubimusu ikastolako irakasleari askotan joaten zaizkio ikasleak ikasten ari diren horrek etorkizunean zertarako balioko ote dien galdezka. Mendizabalek beti egiten du saiakera esku artean duten gaia errealitateko gertakariekin edo fenomenoekin lotzeko. «Kimikan, esate baterako, gordina da formulazioa bere horretan, baina izugarri fenomeno pila gertatzen dira egunero kimikaren bitartez azaldu daitezkeenak. Uste dut horretan jarri behar dugula arreta».

Ikasleen gaitasunak lantzeko metodo zientifikoak berak balioa duela uste du Villabonako irakasleak. «Zientifikoen lan egiteko moduak berak eskatzen duela jarraitu beharreko metodologia bat, gaztetxoen bizitzarako ere baliagarria izan daitekeena. Hipotesiak planteatu, frogak egin, ondorioak atera... Bada metodologia bat zehaztasuna eta pazientzia eskatzen dituena, erantzunak ez direlako berehalakoan etorriko. Uste dut horrelako arloak lantzea ez datorkiela gaizki gaur egungo gazteei». Pentsamendu bat eta jarduteko era bat ere badakar berekin zientziak. «Askotan esaten dut ikasten irakasten diegula gure ikasleei. Uste dut lan ohiturak sustatzea ere badagokigula, antolatu eta gauzak modu ordenatuan egitea lagungarri izango zaie bizitza osorako».

Hezkuntza integralaz

Gustura dabil zientzia arloko ikasgaiak irakasten baina arreta jarri nahi izan du heziketa integralean. «Euskal Herrian bizi izan dugun industrializazioagatik, ibilbide akademikoan pisu handia hartu dute zientzia arloko ikasgaiek eta ikasgai teknikoek, eta uste uste dut sormenarekin eta artearekin loturikoei ez zaiela hainbeste arreta jarri. Aurrerabidea beti dator gure mugak gainditzetik eta harago joan nahi izatetik. Ezagutzen ez dugunaren bila aritzea bada zientziaren eta beste hainbat arloren ezaugarria. Etengabeko bilaketa prozesu hori da gakoa».

Etorkizuneko herritarrak izango direnak heztea ez da soilik hezkuntzan aritzen diren profesionalen ardura, baina arduraz hartzen du Mendizabalek bere lana. Jakintza zientifikoa oinarri hartuta, autonomoak izango diren gaztetxoen bidelagun dihardu.

Erlazionatuak

Zientzia ikasgeletan

Jon Miranda Labaien 2021 ira 26 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!