Koronabirusa

Villabonako Udalak larunbat gaueko istiluak gaitzetsi ditu

Ataria 2021ko uzt. 26a, 12:44

Herriko hainbat gunetan izan ziren istiluak, tartean Errebote plazan.

Villabonan larunbat gauean izandako liskarrak "irmoki" salatu ditu udalak, eta berriro ez gertatzeko deia egin du. PSE-EE alderdiak bere aldetik, gertakariak onartezinak direla esan du eta alderdi politiko guztiak koordinatuta egon behar direla gaineratu du.

Istilu horiek eragindako kalte eta ondorioak nabarmenak izan direla esan du Villabonako Udalak ohar bidez, eta larunbat gauean bizi izandakoa tamalgarria eta justifika ezina dela esan du. "Udalak beste behin, arduraz jokatzeko eta COVID-19ari aurre egiteko ezarri diren prebentzio neurriak errespetatzeko egindako eskaerak errepikatu nahi ditu. Gogorarazi nahi dugu pandemia aroan jarraitzen dugula, aurten ez ditugula Santio jaiak ospatzen eta ondorioz, Villabonara gaueko festa eta parranda egitera ez etortzea eskatzen dugula", gehitu du. Amaitzeko esan du, gertaerak ezin direla errepikatu eta bere eskuetan dagoen guztia egingo duela hala izan dadin.

PSE-EE alderdiko Maria Luisa Arija zinegotziak ere gertakariak onartezinak direla esan du, "tamalgarria da, Villabonaren izen ona zikindu dute gutxiengo batzuk". "Beti egin dugun bezala, alkatearen esanetara gaude, egungo egoeran ezinbestekoa baita alderdi politiko guztiak batuta eta koordinatuta egotea COVID-19aren bosgarren olatuaren gainean", gaineratu du Arijak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!