Koronabirusa

Arduraz jokatzeko deia egin du Amasa-Villabonako Udalak

Ataria 2021ko uzt. 23a, 11:58

Aurten Santio jairik ez dela izango gogorarazi dute eta ezartzen diren betebeharrak onartu eta errespetatzea eskatu dute udaletik.

Otsailaren 24an egindako bilkuran, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, bigarren urtez, Villabonako Santio jai batzordeak 2021eko jai egitaraurik ez prestatzea eta festak bertan behera uztea erabaki zuen aho batez.

Herriko jaiak bertan behera uztea, erabaki "mingarria" da Amasa-Villabonako udal ordezkarien esanetan, baina bizi dugun egoerak beste irtenbiderik ez duela uzten uste dute. "Guztiok dakigu azken asteetan birusaren intzidentzia izugarri handitu dela eta egun asko daramatzagu eremu gorrian. Gaur bertan, Amasa-Villabonan dugun Covid-19aren intzidentzia-tasa metatua 1.030,9koa da, zifra oso kezkagarria, kasu positiboek ez dute etenik eta ospitaleratzeak ere gora doaz".

Ondorioz, beste behin, arduraz jokatzeko deia egin du Amasa-Villabonako Udalak. "Hau ez da txantxa bat, pandemia aroan jarraitzen dugu bete-betean eta ezin gara erlaxatu. Badakigu egoera honekin denok gaudela nekatuta eta aspertuta, gogorra eta luzea izaten ari dela, baina erantzukizunari eutsi behar diogu, orain arte egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan ez daitezen". COVID-19aren zabalpena saihesteko hartu beharreko prebentzio neurri nagusiak gogoratu ditu udalak: pertsonen arteko distantziak mantentzea, jende pilaketak ekiditea, musukoaren erabilera, eskuak garbitzea eta abar. "Oso garrantzitsua da oinarrizko neurri hauek beti kontuan izatea eta errespetatzea".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak kaleratu dituen azken dekretuetan ezartzen diren betebeharrak onartzea eta errespetatzea dagokiela aipatu dute udal ordezkariek. Hauek dira aipagarrienak: 00:00etatik 06:00etara bitartean, bizikideak ez diren pertsona-multzoak edo jende-pilaketak ezingo dira egon aire libreko espazio publikoetan; jarduera guztiak ixteko muga-ordutegia 01:00k artekoa da; eta uztailaren 26tik aurrera, jardueretan baimendutako gehieneko edukiera %35ekoa izango da lokal eta instalazio guztietarako.

Gauzak horrela, Amasa-Villabonako Udalak honakoa adierazi du:

  • Santio jairik ez dagoenez, Villabonara festa edo parranda egitera ez joateko deia egiten diete inguruko herrietako biztanleei.
  • Datozen egunetan zentzuz jokatzeko eta indarrean dauden prebentzio arau guztiak (salbuespenik gabe) errespetatzeko deia egiten dute.
  • Udaltzaingoak arau hauen errespetua bermatzeko lan egingo du eta Udaltzaingoko agenteak egiten duten lana errespetatzeko eta ahal bada errazteko eskaera egiten diete herritarrei.
  • 22:00etatik aurrera Ertzaintza izango da arauak betearazteko eta ordena publikoa mantentzeko ardura izango duen polizia erakundea, eta kasu honetan ere, uneoro agenteen argibideei kasu egitea eskatzen diete.
  • Kale zurruta edota jende pilaketak debekatuta daudela gogoratu, eta ondorioz, ez egiteko eskatzen dute.

Amaitzeko udal ordezkariek esan dute aurtengoa Santio jairik gabeko azken urtea izan dadila espero dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!