Emakume zientzialarien lana aitortu dute Amasa-Villabonan

Ataria 2021eko otsailaren 11

Udaletxeko arkupeetan otsailaren 18ra arte ikusgai izango den erakusketa prestatu dute, 14 kartelez osatuta dagoena.

Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Gizartearen eboluzioan ezinbesteak diren ekarpenak egin dituzten emakume guztiei "omenaldi xumea" egin nahi izan die Amasa-Villabonako Udalak. Horretarako zientzian nabarmendu diren hainbat emakume ekarri dituzte lehen lerrora eta horien biografiak zintzilikatu dituzte udaletxeko arkupetan. Otsailaren 18ra arte egongo da ikusgai Emakume zientzialariak historian zehar erakusketa.

Udal ordezkarien esanetan, zientziaren munduan emakumeen presentzia handitu bada ere, oso emakume gutxik izan dute euren ekarpena egiteko aukera, edo karrera zientifiko bat egiteko aukera. "Hori bidegabea da", Beatriz Unzue alkatearen esanetan, "emakumeen lana ere ezinbestekoa baita zientziaren eta etorkizunaren garapenean".

Erakusketaren bitartez, emakumeek jarduera zientifikoan dituzten oztopoak "gainditu eta ezabatu" egin behar direla aldarrikatu dute udal ordezkariek. Merezi duten errekonozimendua jaso ez duten emakume guztien lana baloratu nahi dute, modu horretara. 14 karteletan, emakume zientzialari hauen biografiak bildu dituzte. "Pixkanaka kopuru hori handitzea gustatuko litzaiguke, beste kultura batzuetako emakume zientzialariei ere euren tokia egin, orain arte mendebaldeko kulturari soilik begiratu baitzaio".

Amasa-Villabonako Udala Bizilabe programan ari da parte hartzen. Elhuyarrek eta Tolosaldea Garatzenek sustatuko proiektu honen bidez, gazteak zientzia, teknologia, ingeniaritzara edota matematikara erakarri nahi dira, bere gaitasunak garatu eta jabekuntzan aurrera egiteko. Udalak gazteak animatu nahi ditu "izan asmatzaile eta ikertzaile" leloa duen programa honetan parte hartzera.

Bide batez, Bizilabe programaren barruan, #ErakusleihoakO11 ekimena jarriko dute martxan datozen egunotan Tolosaldeko hainbat saltokitan. Amasa-Villabonako Farmazia Berrian, Basajaun liburu dendan, Garintza mertzerian eta Galerias MJn erakusleihoak prestatu dituzte emakume zientzialari banaren bizitzan oinarrituta.

 

Erlazionatuak

Zientziaren ema--nak!

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Otamendi Elizalde, Ibarra 2021 ots 11 Ibarra

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!