ERREPORTAJEA

Emakumeak erakusleihora

Jon Miranda Labaien 2021ko ots. 6a, 07:59
Mae Jemison ingeniari eta astronauta estatubatuarrari iaz Bilboko saltoki batek erakusleihoa eskaini zion. ATARIA

Otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna izango da eta data hori baliatuko dute Tolosaldeko 35 saltokik hamabi emakume zientzialari omentzeko; Elhuyar fundazioak, Tolosaldea Garatzenekin batera kudeatu du ekimena, Bizilabe Euskal Herriko gazteentzako zentroek daramaten jardunaren barruan.

Eunice Foote (1819-1888) estatubatuar zientzialari eta asmatzailea izan zen. Eguzki-argiak gasetan sortzen duen berotze eragina esperimentatu zuen eta bere lana aitzindaria izan da negutegi efektuaren ikerketan. Foote eta beste 11 emakume zientzialariren lana erakutsiko da otsailaren 17tik aurrera Tolosaldeko 35 saltokitako erakusleihotan. Ekimenean parte hartuko dute Tolosako hogei establezimenduk, Asteasuko seik, Amasa-Villabonako bostek, Irurako hiruk eta Alegiako batek.

Elhuyar fundazioko kideek iaz ekarri zuten ideia Euskal Herrira, Espainiako zenbait tokitan nola egiten zuten ikusi ondoren. Leire Ferro fundazioko kidearen esanetan saltokiei emakume zientzialarien lanaren dibulgatzaile izatea proposatu nahi diete ekimenarekin: «Iaz hamabi emakume omendu ziren eta aurten beste hainbeste aukeratu dira lanketarako. Emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusaraztea da proiektuaren helburua». Zientzialariaren ilustrazioa eta informazioa erakutsiko da saltokietan eta pertsona horren ikerketan inspiratuta apainduko da erakusleihoa. Gainera, establezimendu hauetan eskuorriak banatuko dira, emakumeen ilustrazio eta aurkikuntzen laburpenekin.

Iaz, lehen aldiz, Bilbo, Soraluze eta Ermuko saltokietan jarri zuten martxan #ErakusleihoakO11. Gazteentzat, aisialdi eskaintzaren testuinguruan, zientzia eta teknologia ekintzak garatzeko Elhuyarrek martxan dituen Bizilabe zentroen jardunaren barruan kokatu zuten kanpaina. Joan den urritik Tolosa eta Villabonan Bizilabe zentro bana zabaldu da eta eskualdeko gazteek eskaintza horretan parte hartzeko aukera dute. Honenbestez, Tolosaldea Garatzenek, eskualdeko merkatari elkarteekin elkarlanean, erakusleihoak emakume zientzialarien omenez apaintzeko deia luzatu die saltokiei. Arrakasta izan du ekimenak 35 establezimenduk eman baitute baiezkoa eta otsailaren 17tik 28ra edukiko dituztelako erakusleihoak apainduta.

Gazteen parte hartzea 

Bizilabe zentroetan garatzen diren ekimenen bitartez gazteak zientzia eta teknologiaren mundura gerturatu nahi izan dituzte. «Tarteka bisitan etortzen dira arlo hauetan lan egiten duten profesionalak. Saiatzen gara emakumeak ekartzen, gazteek erreferenteak ere izan ditzaten, ikus dezaten ingeniaritza, robotika edo informatika alorretan ere badabiltzala emakumeak», esan du Ferrok.

Hain zuzen, zientzia eta teknologia zentroetan aritzen diren gazteek aurten #ErakusleihoakO11 ekimenean omenduko dituzten hamabi emakume zientzialarien inguruko bideoak prestatuko dituzte. «Hamabi lan horietatik hiru Tolosaldeko gaztetxoek prestatuko dituzte. Hizketagai den emakumearen biografia aurkeztu eta bere ikerketa gaiarekin zerikusia duen esperimentua egingo dute. Gainera esperimentu hauek egiteko gonbita luzatuko dute, behar diren materialak eta pausoak ongi azalduz».

Ikus-entzunezkoak datorren astelehenetik aurrera ikusgai izango dira https://bizilabe.elhuyar.eus helbidean. Bide batez, parte hartuko duten saltoki guztiak ere kokatuta egongo dira mapa batean eta bertan erakusleihoen argazkiak eta omendutako ikertzaileak zein diren ikusteko aukera izango da.

Elhuyar aldizkariaren Istorioak atalean emakume zientzialari hauen biografiak jaso dituzte eta haiek biltzen dituen liburu bat kaleratuko du fundazioak aurki. Aurten, #ErakusleihoakO11 ekimenean, Bilbo, Elgoibar, Ermua, Soraluze, Tolosa, Asteasu, Amasa-Villabona, Irura eta Alegiako 76 saltokik hartuko dute parte.

Erlazionatuak

Emakumeek emakumeez idatz dezaten

Irati Saizar Artola 2021 ots 06 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!