Sin mala intencion taldeak bigarren diskoa kaleratu du

Ataria 2020ko irailaren 29a

'Cuando llueve demasiado' diskoa kaleratu du Gorka Lizaso billabonatarra buru duen taldeak, Rock Izar Records disko etxearekin. Entzungai da plataforma digitaletan.

Ia lau urte pasa dira Sin Mala Intencion talde gipuzkoarren lehen diskoa, Esas cosas (Rock CD Records, 2016), argitaratu zenetik. Kontzertuekin eta bideoklipak eginez bi urte igaro ondoren, eta pandemiak beharturiko atzerapenarekin, Cuando llueve demasiado (Rock Izar Records, 2020) disko berria entzungai dago jada.

Taldearen bigarren lan hau, Punto y seguido eta Fuimos un volcán singleak ezagutzera eman ondoren dator, Oiartzungo Lezoti estudioan grabatu da Gorka Lizaso abeslari eta konpositore eta Gorka Urra soinu teknikariaren ekoizpenarekin. Lehen diskoan ekoizle ere izan zen Beñat Igerabide musikari eta teknikari adunarra izan da nahasketen arduradun.

Rock-autore eta pop-rock musika estiloekin eginiko 11 abestik osatzen dute lan berria, rock & roll, blues, country… ukituak dituelarik. Abestien oinarria Gorka Lizaso (ahotsa), Andoni Garcia (gitarrak), Maria Soriazu (baxua) eta Ibai Ros (bateria) musikariek grabatu dute, eta, besteak beste, musikari hauen parte hartzea izan dute: Luis Maria Moreno Pirata saxofoi-jotzaile ezaguna, Fredi Peláez teklatuetan, Les Fous ahots-taldea edo Maider Zabalegi kantautorea, bere ahotsa gehituz Zu zara abestian, euskaraz eginiko diskoko abesti bakarrean. Gainera, Joaquin Sabinaren A la orilla de la chimenea abestiaren bertsio bat dakar diskoak.

Taldeak iragarri duenez, momentuz plataforma digitaletan entzungai dago diskoa eta aste gutxi barru dendetan egongo da, luxuzko digipack edizio batekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!