"Disko berrian kantu bakoitzari buelta gehiago eman dizkiot"

Jon Miranda Labaien 2020ko mar. 26a, 19:58

Maiatzean argitaratu asmo duen 'Cuando llueve demasiado' bigarren diskoko 'Punto y seguido' aurrerapen kantua aurkeztu du taldeak; 11 kantuz osatutako lana izango da.

Martxoaren 13an, osasun larrialdian sartu aurreko egunetan aurkeztu zuen Gorka Lizaso (Villabona, 1985) buru duen taldeak Punto y seguido kantua. Entzungai dago abestia eta ikusgai bideoklipa, plataforma ezberdinetan.

Itxialdia ondo daramazu?

Bai. Etxean nago, lasai-lasai. Beti atzeratzen dituzun lanak egiteko baliatu dut denbora hau. Ondo etorri zait.

Zuek ez zarete ari, orain, zuzenekoak eskaintzen. Zuen sektoreko beste musikari askori eragin die egoerak, hala ere.

Bai. Maiatza aldera aterako dugu diskoa eta lehenengo kontzertuak lotzen ari ginen ekainerako. Orain ez dakigu zer gertatuko den. Egia da gure kasuan ez gabiltzala orain kontzertuetan, baina musikarientzat, oro har, galera handia izan da. Emanaldi asko bertan behera geratu dira, jaialdi asko ere bai. Gure kolektiboa nahikoa prekarioa da.

2016 urte bukaeran kaleratu zenuten zuen lehen lan luzea, 'Esas cosas' izenekoa. Zein ibilbide izan du diskoak?

2017ko martxoan hasi ginen emanaldiekin eta ia bi urteko bira egin dugu. 27 kontzertu eman eta bi bideoklip grabatu genituen. Orokorrean pozik gaude emaitzarekin. Inoiz jo gabeko tokietan jo genuen eta musikari berriak ezagutu genituen. Oso esperientzia ona izan da.

Zein zirkuitutan mugitu zarete aurreko diskoarekin?

Batez ere areto txikietan eta tabernetan ibili gara akustikoak eskaintzen. Hori da gure habitat naturala: areto txiki eta ertainak.

Zure proiektu musikala da 'Sin mala intencion', baina zuzenekoetarako eta grabazioetarako ez zara bakarrik aritzen. 

Nire proiektua da bai, eta abestiak nireak dira, baina beti nago musikariz inguratuta. Disko berrirako, adibidez, alboan izan ditut Andoni Garcia gitarrarekin, Maria Sorazu baxuarekin eta Ibai Ros bateriarekin. Zuzenekotan lagunduko naute hirurek baina beste musikari gehiago ere batuko dira. Aurreko birako musikariak izango dira nagusiki, Jabi Etxarri eta Iker Gutierrez gitarrekin ariko dira Maria Sorazu baxuan eta aldaketa txiki bat egongo da bira berrian: Ibai Ros ariko da baterian eta Santi Roman teklatuan. Eta noski, ni neu, gitarra eta ahotsarekin.

Noiz egin dituzue diskoa grabatzeko lanak?

Talde profesionala ez garenez, denbora hartu dugu grabaziorako. Iazko apirilean hasi eta uztailean amaitu genuen Oiartzungo Lezoti grabazio estudioan Gorka Urra teknikariarekin. Beñat Igerabide adunarrak nahastu du.

Zein nobedade dakar disko berriak?

11 kantu dira guztira, hamar nik sortutakoak eta Joaquin Sabinaren kantu baten bertsioa da bestea. Nobedadea da abestietako bat euskaraz sortu dudala. Taldearen hizkuntza gaztelania izan da baina keinu bat egin nahi izan diogu euskarari eta oso kontentu nago abestiarekin. Disko berrian kantu bakoitzari buelta gehiago eman dizkiot eta Esas cosas lanean hartutako lizentzia batzuk ez dizkiot neure buruari onartu. Azentuen tratamendua, adibidez, edota metrika zehatzagoa da lan honetan. Uste dut rockeroagoa atera dela, neurri batean, konposatze prozesuan musikariekin egindako lanak kutsatu egin ninduelako. Kantu lasaiagoak badaude, baina rock puntua dute guztiek.

Kantuen hitzetan zer konturen inguruan aritu nahi izan duzu?

Nire buruaz aritu naiz gehienbat. Badaude gai sozialagoak ere, eta kantu batean, adibidez, immigrazioaz hitz egin nahi izan dut. Mundua nola ikusten dudan azaldu nahi izan dut kantuetan.

Aurrerapen kantuaz zer esan dezakezu?

Punto y seguido da diskoa zabaltzen duen kantua. Nire buruaz hitz egin eta atzera begira jarri nahi izan dut kantu honetan. Bideoklipa ere badakar kantuak, YouTuben dago ikusgai. Bi zatitan dago grabatuta, Durangoko taberna batean eta Donostiako Gros eta Zurriola aldean. Raul Quircek zuzendu du bideoklipa.

Noiz aurkeztuko duzu diskoa?

Maiatzean kaleratu nahi genuke. Orain martxoan Punto y seguido singlea atera dugu eta apirilean beste aurrerapen kantu bat ateratzeko asmoa genuen, gero maiatzean disko osoa aurkezteko. Osasun egoerak baimentzen badu, data horiei eutsiko diegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!