(H)ari naizela

"Eskaini nahi nuen hori eskaintzen saiatuko naiz"

Ataria 2019ko abe. 2a, 11:39

Oihana Iguaran "oso pozik" azaldu da finalerako txartela lortuta, eta Tolosako finalaurrekoan egiterik lortu ez duena egiten saiatuko dela esan du.

471 punturekin Tolosako saioan bigarren geratu da, eta abenduaren 14ko finalerako txartela lortu du. Tolosakoa plaza "bero eta polita" sentitu du amasarrak, dena den, ez du nahi zuena egiterik lortu, eta kideekin ere sentsazio hori konpartitua zela azaldu du finalaurrekoa bukatu ostean. "Kanpotik begiratuta, oso pozik nago, esaterako Haritzekin, umetatik elkarrekin aritu ondoren, finalaurrekoan puntutan aritu izanarekin", esan du. "Horrelako gauzak sekulakoak dira".

Tolosako saioa eta gero, "benetan zerbait erakusteko gogoa" duela esan du Iguaranek. "Gaur sentitu dudan ezin hori bueltan hartu eta eskaintzeko gogoa dut, eta aukera hori izatea oparia da, gaur kalera joateko hortxe hortxe bainintzen. Zorionez aukera daukat eta saiatuko naiz aprobetxatzen gaur egin nahi nuen bezalako saioa egiten".

Finala "berezia" ikusten du amasarrak: "Ilusio handia egiten dit plazan askotan eta oso ondo entzuten dudan Ane Labaka bertan izateak, duela lau urte finalaren atean geratu zen Nerea Elustondo izateak, eta Beñat Lizaso, hainbeste urtetan eta Tolosan ere duela lau urte hementxe neukan eta bere ere finalean izateak poz handia eman dit".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!