Billabonatar bat, Bigarren Mundu Gerrako errefuxiatu eremuetan hil zirenen zerrendan

Ataria 2019ko abu. 9a, 13:00

Irudia: GETTY IMAGES

Estatuko Aldizkari Ofizialak orain arte errekonozimendu ofizialik ez zuten 4.427 herritarren izen-abizenak argitaratu ditu; Adolfo Lozano Olazabal billabonatarra da tartean.

Oraindik ez zuten aitortza ofizialik, Bigarren Mundu Gerran Alemaniako Mathausen-Gusen errefuxiatu eremuetan hildako espainiar estatuko herritarren izen-abizenek; heriotza horien erregistro liburuak ezkutuan egon dira urtetan. Gaur, ordea, Estatuko Aldizkari Ofizialak 4.427 pertsona gune haietan hil zirela argitaratu du, eta haietako bat da Adolfo Lozano Olazabal billabonatarra.

Gusen-eko eremuan hil zen, 44 urterekin, 1941eko azaroaren 7an; zerrendako ia pertsona guztiak 1936ko gerran frantziar estatuko muga zeharkatu zuten bando errepublikazaleko kideak zirela azaldu dute. Historialari talde bat aritu da, besteak beste, izen-abizenok argitaratzeko lanketan, Gutmano Gomez Bravo buru zutela, eta taldeak argitu du, posible dela zerrendako izen nahiz jatorrietan akatsak egotea: errefuxiatuek beren senide eta ingurukoak babestu nahi izaten zituzten. Gainera, Mathausengo Amical elkarteko funtsari esker, historialariek 695 izen-abizen gehitu dituzte. Horrela, alegazio epe bat zabalduko dute, balizko zuzenketak egin ahal izateko.

Lantaldeak datuok argitaratzearen garrantzia azpimarratu du, memoria historikoari begira, frankismoak datuok berariaz ezkutatu zituelako. Aipatzekoa da, Lozano billabonatarrarekin batera, beste 13 gipuzkoar ere badirela zerrendan, El Pais egunkariak argitaratu duenez.

Villabonako Aritza kultur elkarteak Lozanoren inguruko ikerketa egina du eta 2016ko martxoan Mathausen-Gusen errefuxiatu eremura bisitatu zuten elkarteko kideek. Abiatu aurretik Tolosaldeko Atarian aritu ziren 1941ean zendutako militar errepublikazalearen biografiaz; behin Austriatik itzulita, bidaiaren kronika osoa egin nahi izan zuten, irudiz hornituta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!