Lozanoren arrastoaren bila

Tolosaldeko Ataria 2016ko mar. 9a, 09:55

Aritza kultur elkarteak Adolfo Lozano Olazabal billabonatarraren biografia idatzi du eta Mauthausen Memorialak argitaratuko duen lanean plazaratuko da, edizio digitalean eta paperean. Ikerketa lerroarekin jarraitzeko, kultur elkartekoek egunotan bidaiatuko dute Austriara.

1938an agintari naziek Austriako Mauthausen eta Gusen herrien inguruan Linz hiritik 20 bat kilometrora kontzentrazio esparru handia eraiki zuten. Ez dago biktimen kopuru zehatza jakiterik, baina iturri gehienek diotenez, zazpi urtetan, 320.000 preso eduki zituzten konplexu guztian. Kontzentrazio esparrua egon zen tokian, egun, memorial bat zabaldu dute eta bertako ikerlariek, Villabona izena daraman gurutze bat topatu dute. Aritza kultur elkarteko kideek jakin nahi dute Adolfo Lozano Olazabali ote dagokion eta informazio gehiagoren bila egunotan bidaiatuko dute Mauthausenera, ikerketa lerroan sakontzeko.

Aritza kultur elkarteak Frankismoaren aztarnak arakatu ditu Amasa-Villabonan eta hainbat publikazio argitaratu ditu memoria historikoaren inguruan. Herriko errepresaliatu politikoen zerrenda osatzerakoan jakin zuen Mauthausen-Guseko kontzentrazio esparruan bi billabonatar eduki zituztela preso: Adolfo Lozano eta Alberto Beafourt azken hau, libre geratu zen, 1945eko maiatzean. Bi herritarrak omendu zituzten aurreko urteko abenduan, Akordatzen garelako bizirik daude ekitaldian.

LOZANOREN BIOGRAFIA

Concepcion Lozano Bengoak, Adolfo zenaren alabak hartu zuen parte, hunkituta, abenduko ekitaldian eta haren laguntzaz osatu du Aritza kultur elkarteak 1941ean zendutako militar errepublikazalearen biografia.

1897an, Villabonako Kale Nagusiko 57. zenbakian jaio zen Adolfo Lozano Olazabal. Irakaslea zen ogibidez eta 1918an soldaduska egiten ari zela galdu zituen gurasoak. Bere anaia bakarrak, zesta puntako jokalari gisa, Miamira alde egin zuela ikusita, armadan jarraitzea erabaki zuen eta bertan egin zuen ibilbide profesionala. Artilleriako teniente izan zen 1937an eta urtebete geroago kapitain izendatu zuten. Espainiako gerran lehen lerroan borrokatu zen, boluntario gisa, II. Errepublikaren defentsan. Ebroko batailan parte hartu zuen Aragoako defentsan eta Francoren tropek aurrea hartu ahala Frantziara alde egin behar izan zuen.

Frantzia okupatu zutenean ihesean zihoazen errepublikazaleak atxilotzen hasi zen Gestapo, nazien polizia. Lozano Olazabalek, Saint Cyprien, Gurs eta Treveseko kontzentrazio esparruak ezagutu zituen. Red Spanish War Volunteer gisara izendatu zuten: «36ko gerran ardura militarrak izan zituztenak arriskutsutzat hartu eta protective custody delakoa aplikatzen zieten, baldintza ezin gogorragoetan edukitzen zituzten», esan du Esti Amenabarro, Aritza kultur elkarteko kideak. Lozano Olazabal Stalag XII D Trier esparrutik Mauthauseneko eremura eraman zuten 1941eko apirilaren 3an eta handik Gusenekora.

«Politikoki zuzendu ezinezko Reicharen aurkako etsaientzat prestatzen zituzten eremu horiek», aipatu du Amenabarrok, «nazien ideologian pentsamendu errepresiboaren oinarrian zeuden lan behartuak». Mauthausen-Guseko kontzentrazio eremua granitozko kantera baten ondoan zegoen eta bertan lan egitera behartzen zituzten presoak, gero haiek ateratako granitoarekin Alemanian mausoleoak eraikitzeko. Hil arte lan egitera behartzen zituzten atxilotuak eta horrela egin zuten Lozano Olanorekin. 1941eko azaroaren 7an hil zen «biriketako neumoniarekin». Heriotzaren eguna eta zioa ez dira oso fidagarriak, «gaixotu arte lan eginarazten zietelako presoei».

BIDAIA AUSTRIARA

Guztira 122.000 pertsona inguru erail zituzten gerra garaian Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparruan. 1945eko maiatzaren 4an aliatuek eremua liberatu aurretik, SSek presoei buruzko dokumentazioa suntsitu zuten. Horregatik, 40.000 biktima baino ez dituzte identifikatu. Esparruan bertan eratu duten Mauthausen memorialak egin du informazioa biltzeko lana eta iaz, esparrua askatu zenetik 70 urtera hainbat ekiltadi eta omenaldi egin ziren. Informazio guztia, www.mauthausen-memorial.at helbidean jaso dute.

Aurten, maiatzean, Mauthausen Memorial Book delakoa kaleratu eta Europa osotik kontzentrazio esparrura atxilo eramandako pertsonen biografiak bilduko dituzte, edizio digitalean eta paperean. Lozano Olazabalena, Aritza elkarteak idatzi du eta Austriara bidaiatzeko asmoa dute egunotan, informazioa osatu, Villabona izena daraman gurutzearen azpian Lozanoren hilobia ote dagoen ikertu eta beraz, «horrekin zikloa amaitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!