Mauthauseneko kontzentrazio eremua Linzetik 25 bat kilometrora dago, izen bera duen herrian, hain justu. Bertan dagoen granito harrobia izan zen Mauthauseneko herriaren ekonomiaren oinarri eta nonbait, harrobia bertan egotea erabakigarria izan zen kontzentrazio eremua bertan kokatzeko. Munduaren bazter guztietatik deportatzen zituzten herritarrak lan egitera behartzen zituzten, doako esku lana lortuz. Mauthausen kanpo edo eremu nagusia izanik ere, beste azpi kanpo batzuez osatu zen. Tartean Gusenekoa, sei bat kilometrorako distantzian dagoena. 1938ko abuztuaren 8an iritsi ziren lehen presoak eta emariak ez zuen etenik izan 1945 arte.
Adolfo Roque Lozano Olazabal Villabonan jaio zen, 1897ko irailaren 27an. Mauthausen-Guseneko kontzentrazio esparruan hil zen 1941eko azaroaren 7an. Bere heriotzaren berri ematen duen agirian heriotzaren arrazoia biriketako pneumonia izan zela idatzita badago ere, Mauthausenen ikusitakoak argi adierazten digu arrazoi hori beste arrazoi askoz krudelagoak ezkutatzeko asmatua izan zela.
Zorionez, zorte handiagoa izan zuen Alberto Beafourtek, aske atera zen handik, 1945eko maiatzaren 5ean, AEBtako Armadak Gurutze Gorria Internazionalarekin batera kontzentrazio esparrua askatzea lortu zutenean. Gerora bere inguruko berri handirik ez dugu.
2016ko maiatzean, Mauthausengo Memorialaren baitan lanean ari den ikerketa taldeak, Memorial Book memoria liburua argitaratuko du liburu edizioak bertsio digital interaktibo bat izango du lagun, Austriako gobernuak sustatuta.
HERIOTZAREN KRONIKA ILUNA
Mauthausen-Guseneko eremuan gutxienik 40 nazionalitate desberdinetako herritarrak hil zituzten, eta liburuan izen eta abizenekin aipatuta agertzen dira, memorian gordetzeko. Tartean Adolforena. Aritza Kultur Elkarteak bere ekarpena egin du aipatu liburuan.
Datuen dantza handia bada ere, Mauthausen eta azpi kanpo guztiak kontuan hartuta 190.000 preso izan ziren bertan, gehienak gizonezkoak. 10.000 inguru izan ziren emakumeak. Eta, orotara iturri ofizialen arabera 90.000 presok galdu zuten bizia bertan hotzez izoztuta, indizioen bidez, behartutako suizidio, jipoi eta bestelako ankerkeria guztien biktima. Horietatik, 10.200 hil zituzten gas letalaren bidez. Mathausen eremua oso arriskutsutzat zituztenak zigortzeko eta lanerako balio ez zutenak erailtzeko prestatua zegoen. Esklabotasunean oinarritu zen.
1. Mauthausen Memorial liburua. Mauthausen Memorialean kokatua da eta bertan, hil zituzten 90.000 presoen izen abizenak agertzen dira, tartean Adolfo Lozano billabonatarrena. Izenen Gela bezala da ezaguna egun. 2013an abiatu zen aipatu egitasmoa, izen guztiak gordetzeko. Argazkian, liburuaren ondoan Lozanoren argazkia.
2. Kanpoaren ikuspegi nagusia. Alboetara ikusten diren barrakoietan egiten zuten bizimodua presoek, baldintza oso penagarrietan, gainezka. Barrakoietan, batetik presoak zeuden, arruntak eta bestetik 'kapoak', alegia, SSekin aliatuta zeudenak, salatariak. Azken hauek, bizi baldintza egokiagoak izaten zituzten.
3. Alanbre-hesia. Alanbre hesiak 380 boltioko korronte elektrikoa zuen. Preso asko izan ziren hesi hauetan hil zirenak. Askok bere buruaz beste egiten zuten ihes egiteko saiakera horretan. Beste askoren hilketak kamuflatu egin zituzten eta ondoren, ihes egiten saiatu zirela esan.
4. Heriotzaren eskailerak. Heriotzaren eskailera bezala da ezaguna. 186 maila ditu, guztira. 1942an berritu zuten, hilketa gehien gertatu ziren kokalekua da, kanpo osoan. Biktima nagusiak diziplinazko prozedurak zituztenak izan ziren nagusiki, hau da, Reichak eta SSek gaiztoetan gaiztoenak kontsideratzen zituztenak edota komunistak eta juduak. Eskailera hauetan zehar, presoez osatutako lan talde desberdinek, harrobitik ateratzen zuten granitoa bizkarrean zutela, eskailerak gora eta behera ibili behar izaten zuten kanpo nagusira eramateko. Gero Alemania nazian mausoleo eta eraikinak egiteko baliatzen zuten granitoa. Tokiko enpresa asko ere lan hauetaz baliatu ziren, baita enpresa eta multinazional oso ezagunak ere.
5. Errauste labea. Presoak artatzeko erizaindegi azpian zein espetxearen sotoan kokatutako errauste labearen irudia da hau. Presoen gorputzak bertan errausten ziren. Gaur egun, 3 labetatik 2 ikusgai daude. Gero, eremuaren inguruan kokatuta zegoen eta presoen jatorri edo nazionalitatearen arabera antolatzen zuten zelai handi batean botatzen ziren errautsak.
6. Gas kamera. Espetxea eta erizaindegiaren arteko sotoan kokatua dago. Ziurtatuta dago 1942tik aurrera Zyklon B gasarekin, gutxienez, 3.455 pertsona hil zituztela kamara hauetan.
7. Kontzentrazio esparruko espetxea edo bunkerra, eta labe krematorioaren tximinia. Espetxea kontzentrazio eremuaren barruan zegoen. Bere ondoan, tximinia, errauste labearen keak bertatik ateratzen ziren kanpora. Espetxea 1939 eta 1940 urteen artean eraiki zen Lozano 1941ean hil zen eta bertan deportatuak espetxeratzen zituzten, gero exekutatuak izateko. Preso politikoei galdeketa luzeak egiteko ere prestatuta zegoen, hala nola, ardura politiko handiak izan zituzten deportatuei zigor eredugarriak emateko. Horien artean zeuden Espainiako II. Errepublikako gobernuan ardurak politikoak eta militarrak. Espetxe bat, exterminio eremu handi baten barruan.
8. Parakaidisten harresia eta granitoa ateratzeko harrobia. Horma hauetatik, SSko agintariek presoak botatzen zituzten, hiltzeko. SSko agintariek euren poza agertzen zuten gainera. Hain ziren makabroak ezen SSko arduradunek parakaidista izena ezarri zietela presoei, modu iraingarrian, bistan da. Orduz geroztik, harresi horrek izendapen hori jaso du, historiaren sarraskien lekuko gordin gisa.