Gipuzkoako Foru Aldundiak 145.000 euro gehiago bideratu ditu Amasa-Villabonara

Ataria 2018ko abenduaren 10a

Udal finantzaketarako foru funtsaren ekarpen gehigarria, "oraindik definitu gabeko proiektu estrategiko batean" erabiltzea da gobernu taldearen asmoa.

Aurten udalen artean 486 milioi euro banatzea aurreikusia zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta aste honetan jakinarazi du kopuru hori gainditu egingo duela, eta 503,2 milioi euro banatuko dituela herrialdeko udal erakundeen artean. Aurreikusitakoa baino 18 milioi gehiago dira, horietatik 1,2 milioi euro Tolosaldeko udalentzat, eta zehazkiago, 145.000 euro gehiago Amasa-Villabonako Udalarentzat.

Transferentzia ekonomiko hau hurrengo urteko urtarrilean egingo da eta Udaleko diruzaintza soberakin orokorrera gehituko da. Ekarpen hau, 2018ko sarrera moduan kontabilizatuta geldituko den arren, gertu daukagun 2019an erabili ahal izango da kredituen aldaketa baten bitartez. Gobernu taldearen ideia, oraindik ere definitu gabe dagoen proiektu estrategiko batean erabiltzea izango litzateke. Maite Izagirre alkateak dioenez, “kantitate ekonomiko hau bideratzeko helmuga desberdinak aztertzen ari gara, gure udalerria modernizatzeko balioko luketenak”.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!