Aurreikusitakoa baino 1,2 milioi euro gehiago jasoko dute udalek 2018an

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 18a, 08:00

Udalen Finantzaketarako Funtsaren 2019ko aurrekontua aurkeztu du aldundiak eta Tolosaldeko udalen artean 34,7 milioi banatzea aurreikusi du, aurten baino %1 gehiago

Ekonomia Gipuzkoan uste baino gehiago hazten ari da 2018an eta horrek eragina izango du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsean. Aurten udalen artean 486 milioi euro banatzea aurreikusia zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta aste honetan jakinarazi du kopuru hori gainditu egingo duela, eta 503,2 milioi euro banatuko dituela herrialdeko udal erakundeen artean. Aurreikusitakoa baino 18 milioi gehiago dira horietatik 1,2 milioi euro Tolosaldeko udalentzat, eta datorren urtean kopuru hori oraindik ere altuagoa izan daitekeela jakinarazi du Markel Olano ahaldun nagusiak.

Finantzen Euskal Kontseiluak aurreko astean egin zuen bilera Gasteizen eta hango berri eman zuen Olanok, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera, Gipuzkoako batzarkideen aurrean. Bertan adostutakoaren arabera, aurtengoarekin alderatuta %4,2an finkatu dute datorren urteko sarreren hazkundea, Ogasun diputatuaren esanetan, «Gipuzkoan bildutako dirua 5.000 milioi euroan kokatu daiteke 2019an, inoizko kopuru altuenean».

Olanok eta Larrañagak «etorkizuna bermatzeko proiektuak garatzeko anbizioa» eskatu diete udalei. Tokiko erakundeek ohikoa duten «zuhurtziaz» jokatuko dutenaren ziurtasunaz hitz egin du ahaldun nagusiak eta etorkizunean egon daitekeen atzeraldi ekonomikoaz aritu da Larrañaga: «Ez dakigu noiz eta zergatik, baina orain alde dugun haizea kontra etorriko zaigu, eta horretarako prestatu beharra dugu. Iritsiko da momentua, non malgutasunez jokatu beharko dugun, gizarte ongizatea kaltetu ez dadin».

GEHIKUNTZA NABARMENA

Tolosaldeko udalek ikasturtea bukatu aurretik, beraz, diru kopuru gehigarria jasoko dute, aurtengo urte hasieran aurreikusitakoarekin alderatuz gero. Ibarran, esate baterako, 100.000 euro inguru gehiago jasoko dituzte ikasturte honetan foru funtsetik eta Villabonan, berriz, 145.000 euro gehiago. Herri guztietan jasoko dute diru gehiago, 2018ko kontuen itxiera aurreikuspenaren arabera.

2019rako aurreikuspenak ere positiboak direnez eta aldundiak diru bilketa handiagoa egitea espero duenez, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsatik diru gehiago partituko da Tolosaldeko udalen artean; orotara, milioi bat euro gehiago. Tolosan, adibidez, 2019ko aurrekontuari begiratuta, 2018an baino 500.000 euro gehiago jasoko dira, %3,8ko gehikuntza, alegia. Lizartzan, aldiz, %6,7an egingo du gora foru aldunditik jasotako ekarpenak; aurten 445.000 euro jaso dituzte eta datorren urtean 475.000 jasotzea aurreikusten dute.

Kopuru horiek kontuan hartuta, biztanleko herri bakoitzak jasoko duen diru kopuruaren berri eman du foru aldundiak. Biztanleko 700 euroko muga gainditu da udalerri guztietan eta eskualdeko txikienetan, Baliarrain, Gaztelu edota Orexan, esate baterako, biztanleko 1.200 euroko muga ere gaindituko dute 2019an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!