«Bigarren postua izugarria da»

Iñigo Terradillos 2018ko aza. 12a, 13:34

«Oso pozik eta aldi berean gorputza oso nekatuta». Hala dagoela azaldu du, Behobia-Donostia lasterketaren biharamunean, bigarren egin zuen Iraitz Arrospide billabonatarrak.

Pasa den urtean hirugarren egin zuen, aurten, denbora hobetuta bigarren egin du, eta datorren urtean lehen postuan amaitzeko erronkaz galdetuta, «ilusio handiz entrenatzen jarraituko duela lehen postu preziatua lortzeko» erantzun du. «Atletismoaren munduko ametsa» litzateke berantzat Behobia-Donostia lasterketa irabaztea, hain justu lasterketa honetan hasi baitzen gisa honetako probetan parte hartzen.

Zer modu zaude?

Pozik eta aldi berean nahiko justu. Atzo paliza handia hartu nuen, berandu iritsi nintzen etxera eta gaur nahiko justu.

Nolako lasterketa izan zen atzokoa?

Niretzat orain arte izan dudan lasterketarik gogorrena izan da. Oso gogor irten ginen hasieratik, helburua garaipenagatik borrokatzea zen, buruan ateratzea eta ahalik eta gehien irautea. Horrek berak egin zuen lasterketa bera oso gogorra izatea. Bukaeran indarrak oso justu izan nituen. Ikusi nuenean lehen postua ezinezkoa zela, bigarrenaren bila joan nintzen, eta lehia horretan indar guztiak utzi nituen eta oso gogorra izan zen bukaera.

Larrialdi zerbitzuen beharra ere izan zenuen helmugan.

Lasterketak bi zati izan zituen, lehenengo postuagatik borrokan, eta hor utzi nituen indar asko. Tartean erregulatuz joan nintzen pixka bat, baina azken bost kilometroetan atzetik ikusten nuen hirugarren izan zen Ivan Fernandez. Atzera begiratu eta ikusten nuen tarte ez oso handia nuela nire alde. Sekulako esfortzua egin behar izan nuen tarte hori mantentzeko. Banekien berak psikologikoki harrapatzea lortzen baninduen, bukaerara begira bera aurkari gogora izango zela. Bukaeran iritsi bezain pronto nahiko gaizki pasa nuen, baina ez zen ezer gertatu.

Hala ere, pozik zaude.

Disfrutatu gutxi egin nuen lasterketan zehar, hain gogorra izanda. Orain oso pozik nago lortutakoarekin. Bigarren postua izugarria da, joan den urtean hirugarren egin eta aurten postu bat irabazita.

Gainera, ia minutu batez hobetu duzu zure denbora.

Denbora oso onak dira, eta ia minutu bat hobetzea sekulakoa da. Oso pozik egindakoarekin eta ikusi da urtean zehar lan asko eginda hobetzea lortu dudala.

Hirugarren joan den urtean, bigarren aurten, datorren urtean nork daki...

Atzo batek baino gehiagok esan zidan datorren urtean irabaztea tokatzen zaidala. Batek daki. Lasterkari oso onak etortzen dira, eta puntuan iritsi behar da. Urtean zehar arazorik gabe entrenatu, hobetu, eta hori guztia bete eta zortea ere izan behar duzu. Orain deskantsatu egin behar dut, ilusio handiz entrenatzen jarraitu, eta saiatu beste pauso bat ematen. Ea noizbait lortu dezakedan postu preziatu hori.

Zer litzateke garaipen hori zuretzat?

Niretzat atletismo munduko ametsa izango litzateke. Azkenean lasterketa hau prestatzen hasi nintzen, korrika. Irabaztea litzateke nire ametsik handiena.

Orain Valentziako maratoia prestatzen ari zara.

Behobia-Donostia Valentziako maratoia prestatzeko izan da. Lasterketa hau nahiko garai onean etorri da, ia prestakuntza bukatu xamar dudala. Azken astean freskotasunean irabazi eta ondo iristea lortu dut. Atzo sekulako astindua jaso nuen, eta errekuperatu egin behar dut. Hiru aste barrura Valentzian izango naiz eta hor nire helburua nire marka hobetzea izango da, ahal bada.

Nolakoak izango dira hurrengo asteak, hortaz?

Lehenik eta behin errekuperatzea, ikusiko dugu zenbat denbora pasatzen dudan errekuperatzen, eta horren arabera entrenamenduak ezberdinak izango dira. Lehen aste honetan suabe ibiliko naiz, eta astebururako buelta emango banio, datorren astean entrenamendu on batzuk sartuko ditut, eta azken astean berriro ere suabe, fresko iristeko maratoira.

Zure izenak ikusmina sortzearekin harrituta zinen.

Hirugarren sailkatzea lortu eta gipuzkoarra izanda, banekien ikusmina sortuko zela. Baina azken egunotan izugarria izan da prentsan eta irratietan sekulako bultzada nabaritu dut. Presioa ere bai aldi berean. Baita kalean ere. Asko espero zuen jendeak nigandik, eta irabaztea eskatzen zidaten batzuek. Nik uste ongi baliatu ditudala bultzada horiek, eta oso pozik nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!