Eneko Maiz eta Maider Mendizabal, munduko txapelketako finalaurrekora

Mikel Iraola 2018ko urr. 17a, 15:57

Maizen taldeak orain arte jokatutako bi neurketak irabazi ditu; Mendizabalenak, berriz, bi partida irabazi eta beste bat galdu du, gutxigatik.

Tolosaldeko bi pilotari ari dira lehiatzen, egunotan, Bartzelonan jokatzen den Munduko Txapelketan: Eneko Maiz billabonatarra eta Maider Mendizabal anoetarra. Biek ala biek, lehen fasea gainditu eta finalaurrekoak jokatzeko txartela lortu dute.

Trinketeko buruz buruko lehian aritu da Maiz. Astelehenean lehen puntua eskuratu zuen billabontarrak Mexikoko Mauricio Lopezen aurka 2-0 irabazita (15-5 eta 15-8). Garaipena errebantxa ere izan zen, aurreko Munduko Txapelketako finalean, 22 urte azpikoen mailan, Mexikoren aurka galdu baitzuen billabonatarrak.

Asteartean Mexikok eta Uruguaik neurtu zituzten indarrak, eta mexikarrak gailendu ziren emaitza berarekin (15-5 eta 15-0). Gaur, Espainiako selekzioak eta Uruguaik jokatu dute elkarren aurka, baina Maiz ordezko gisa izan da. Jokoan aritu dena Astigarragako Oier Gurutzealde izan da. 2-0 irabazi du (15-7 eta 15-1).

Horrenbestez, Maizek eta Gurutzealdek osatutako bikoteak lehen postuan amaitu du B taldeko ligaxka. Finalaurrekoan A multzoan bigarren izan den Kuba izango dute aurkari. Talde horretan Frantzia izan da nagusi, bi neurketak aise irabazita. Kubatarrek Boliviari irabazi zioten, eta frantziarren aurka 2-0 galdu zuten. Bi finalaurrekoak bihar jokatuko dira. Frantziak eta Mexikok 09:00etan jokatuko dute, eta 10:00etan Espainiak eta Kubak. Finala, larunbatean izango da 13:00etan.

Mendizabal, bigarren ligaxkan

Maider Mendizabal, berriz, 30 metroko frontoiko binakako txapelketan ari da parte hartzen. Astelehenean Kubaren aurka lortu zuen garaipena, Amaia Irazustabarrenarekin bikotea osatuz. 2-0 gailendu ziren Daniela Darriba eta Lisandra Limaren aurka (15-3 eta 15-6). Taldeko beste neurketa Frantziak irabazi zuen, 2-0, Uruguairen aurka.

Atzo, asteartea, Uruguai izan zuten aurkari Mendizabalek eta Irazustabarrenak, eta aise irabazi zuten partida: 15-1 eta 15-0. Frantziarrak, berriz, nagusi izan ziren Kubaren aurka 15-8 eta 15-7.

Frantziaren arteko, lehia berriz estua izan da oso. Mendizabalek eta Irazustabarreak 2-0 galdu dute Amaia Etchelecu eta Maritxu Housseten aurka, baina bi jokoetan gertu izan dira. Lehena tanto bakarreko aldeaz galdu dute, 15-14; bigarrenean, 12an geratu dira. Ligaxkako beste partidan, Kubak 2-0 irabazi dio Uruguairi.

Mendizabal eta Irazustabarrenak bigarren amaitu dute A multzoko ligaxka, hiru neurketak irabazi dituen Frantziaren atzetik. Hortaz, finalaurrekoan, B taldeko lehen postuan sailkatu den Mexiko izango dute aurkari. Hiru neurketak irabazi dituzte mexikarrek: 2-0 Txileri (15-8 eta 15-10), 2-0 Peruri (15-3 eta 15-1) eta 2-1 Argentinari (15-12, 14-15 eta 8-10). Partida hori ostiralean jokatuko da, 16:00etan. Beste finalaurrekoa, Frantziak eta Argentinak jokatuko dute, ostiralean bertan, 15:00etan. Finala larunbatean jokatuko da, 11:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!