Itziar Gastearenak ez du Realean jarraituko

Ataria 2018ko ekainaren 6a

Argazkia: Reala

Realak gaur eman ditu jakitera datorren denboraldian lehen taldean jarraituko ez duten jokalarien izen-abizenak. Horien artean da Itziar Gastearena billabonatarra.

Gastearenari ekainean amaitzen zaio kontratua Realarekin, eta klubak jakinarazi du ez diola berrituko. Jokalari billabonatarren egoera berean dira Titay Calvo, Naiara Beristain eta Michi Goto.

Cristina Cornejo, Leyre Fernandez eta Claudia Zornozak ere kontratua amaitzen dute ekainean, eta klubak berritzeko eskaintza egin badie ere, aditzera eman dute ez dutela onartzen eskaintza. Hortaz, zazpi jokalari horiek ez dute talde txuri-urdinean jarraituko. Realak bere «esker ona» adierazi die guztiei, izan duten «profesionaltasunagatik».

Itziar Gastearenak Tolosa CF-n hasi zuen bere ibilbidea futbolean, eta lau urtez aritu zen bertan. 2010. urtean, 17 urte zituela, Realak fitxatu zuen, denboraldiaren erdian. Gerora, beste zazpi denboraldi egin ditu talde txuri-urdinarekin, zelai erdian, hasieran eta, azken urteotan, defentsa lanetan. Kapitainaren besokoa ere eraman izan du, tarteka.

2016an, denboraldia amaitzear zela, lesio larria izan zuen Gastearenak. Lotailu-haustura izan zuen eskuineko belaunean, eta ia urtebetez zelaietatik kanpo izan zen. Hain zuzen, orduan amaitzen zitzaion kontratua, baina klubak beste bi urtez luzatzea erabaki zuen. Gogorra izan zen min hartuta izan zen denbora hori, baina 2017ko apirilean itzuli zen berdegunera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!