«Lasaiago, gusturago eta ausartago ari gara orain»

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Arratibel Gascon 2017ko abe. 30a, 11:00
Berria.eus: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Liga hasierako bolada kaskarra irauli eta gero, bigarren itzulirako baikor dago Itziar Gastearena Realeko kapitaina. Taldeak egindako lana eta erakutsitako konpromisoa aldarrikatu ditu.

Ligako lehen zazpi partidak galduta, sasoi hasiera «gogorra» izan zela aitortu du Itziar Gastearena Realeko kapitainak (Villabona, Gipuzkoa, 1993): «Burumakur, urduri eta isilik egoten ginen aldagelan. Gogorra zen taldekideak hala ikustea».Autokritika egin du: «Juanjok [Arregi] erronboarekin jokatzearen alde egin zuen, eta guk ez genuen zelaian interpretatzen jakin». Gonzalo Arconadak hartu zuen haren lekua, eta argi azaldu du hark zer eskatu dien:«Inplikatzeko, lasai egoteko, partiden bila joateko, eta ez beldurrik edukitzeko okerrak egiteari, ikasteko gaudela».

Sasoi hasiera oso kaskarrari buelta eman eta gero, beste aldarte batean zaudetela dirudi orain. 

Bai. Zelaian askoz lasaiago gaude, eta konfiantza handiagoarekin. Multzoan ere giroa oso bestelakoa da. Lehen, denak burumakur, urduri eta isilik egoten ginen. Haserre geunden geure buruarekin, lan egin arren ez zitzaizkigulako gauzak nahi bezala ateratzen. Oso gogorra da taldekideak hala ikustea. Orain, berriz, irribarretsuago eta konfiantza handiagoz gaude. Espanyolen aurka lortu genuen lehen puntu hura mugarria izan zen, batez ere psikologikoki.

Zer nota jarriko zenioke taldearen lehen itzuliari?

Zazpi bat. Izan ere, lehen partidetan ez genituen emaitzak lortu, baina inplikazioa eta lana erabatekoak izan ziren.

Zer aldatu da? Batek baino gehiagok pentsatuko du Juanjo Arregirekin ez zeundetela gustura.

Entrenatzaile aldaketa bat egon da, aldaketa bat behar genuelako, ez Juanjorekin arazorik genuelako. Baina, batez ere, entrenamenduetan landutakoa zelaian gauzatu ahal izan dugu. Lehen, berdin lan egiten genuen entrenamenduetan, baina, ez irabazteak eragiten duen presioak eraginda, ez ginen gai landutakoa partidetan erakusteko.

Zelaian oso diferente sentitzen zarete orain? 

Bai. Gusturago, alaiago eta lasaiago gaude, eta gauza gehiago egitera ausartzen gara.

Aldaketa handia nabaritu duzue Juanjo Arregiren eta Gonzalo Arconadaren artean?

Entrenatzaile guztiak dira desberdinak, eta beren joko sistema, entrenatzeko modua eta abar dituzte. Kasu honetan, jokatzerakoan aldaketa nabarmenenak bi izan dira: batetik, sistema; eta, bestetik, baloi jabetza. Gonzalorekin, gehiago lantzen dugu baloiaren jabetza, gure jokoa hortik abiatzen baita. Lanketa horrek konfiantza eman digu jokatzeko orduan. Bestalde, Juanjok erronboaren alde egin zuen, eta guk ez genuen jakin zelaian interpretatzen. Horrek frustrazioa ere eragin zigun zenbaitetan; are gehiago emaitzak txarrak zirela ikusita. Baina hark horretan sinesten zuen, eta guk konfiantza genuen harengan. Orain, aurreko sasoiko eskemara itzuli gara, eta argiago dauzkagu gauzak, batez ere jokalari bakoitzaren egitekoa.

Taldea ziurrago dago, hortaz, eskema horrekin?

Nik uste dut ziurtasuna eman diguna ez dela izan aurreko sasoiko eskemara itzultzea, baizik eta emaitza onak lortzea. 

Zer eskatu dizue Arconadak lehen aste hauetan?

Inplikatzeko, lasai jokatzeko eta ausartak izateko, partiden bila joateko. Behin eta berriz esaten digu ez beldurrik izateko okerrak egiteari, ikasteko gaudela. 

Tratu aldetik oso desberdinak dira?

Ez. Juanjo oso pertsona gertukoa zen traturako, eta entzuteko prest zegoen. Gonzalok ere horixe bera erakutsi digu.

Arconadak ez zuen eskarmenturik emakumeen futbolean. Zuentzat horrek badu eraginik?

Nik uste dut ez dela garrantzitsua, dena baita futbola. Ez dut uste bereizketarik egin behar denik. Entrenatzaileak ez dira prestatzen neskak edo mutilak entrenatzeko, baizik eta entrenatzeko. Gonzalo prestatua dago gu entrenatzeko. Sekulako eskarmentua dauka.

Berak, dena den, aurkezpenean esan zuen ikasi eta ohitu egin beharko zuela. Aholkurik eskatu dizue?

Berak bazuen zalantza hori. Baina hasieratik argi utzi zigun beretzat dena futbola zela, exijentzia bera jarriko zigula, eta hala egin du. Dena den, zalantzaren bat badu, beti eskatzen digu laguntza.

Erasoan zergatik zaudete orain eraginkorrago?

Egia da lehen zazpi partidetan bi gol baino ez genituela sartu. Baina kontuan izan behar da lehen hiru partidetan aurreko sasoiko hiru talde indartsuenen aurka jokatu genuela. Haiei gola sartzea oso zaila da. Emaitzak lagunduta, taldea ausartago dago erasoan, eta hainbat oker konpondu ditu. 

Aurreko bi denboraldietan Espainiako Koparako sailkatu eta gero, ikusmin handia zegoen zuen inguruan. Presio hori nabaritu zenuten?

Ikusmin handia dagoenean, hasieratik gauzak ez badira ondo ateratzen, egia da presio hori nabaritzen dela. Emaitzak txarrak izanda, nahi genuen partidak ahalik eta azkarren irabazi, behar genuelako. Presaka aritzen ginen. Baina lortu dugu egoera iraultzea, eta hori hartu behar dugu kontuan.

Pertsonalki nola zaude? Zer iritzi duzu zure denboraldiaz?

Hasieran ez nuen askorik jokatu. Baina, pixkanaka, taldean sartu naiz, eta orain konfiantzaz eta pozik nago, lasaiago.

 

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!