«Futbola gure bizitzaren parte da eta edozer egiten dugu horri eusteko»

Mikel Iraola 2016ko mar. 31a, 13:44

Tolosaren emakumezkoen lehen taldetik Realeko lehen taldera jauzia egin zuen 2010. urtean Itziar Gastearena billabonatarrak. Seigarren denboraldia du talde txuri-urdinean, eta urtetik urtera «hobeto» sentitzen dela dio.

Futbol zelaitik kanpo «lotsatia» dela dio, baina berdegunean lotsa guztiak kanporatu eta «kasta» askoko neska da Itziar Gastearena (Amasa-Villabona, 1993). Errutinatik atera eta bere ibilbideaz eta emakumeen futbolaz hitz egiteko tarte bat hartu du.

Zergatik futbola?
Betidanik gustatu izan zait kirola eta asko praktikatu izan dut: igeriketa, saskibaloia, eskubaloia, pilota, futbola bera... Dantza ere egiten nuen. Futbola izan da nire bizitzan zehar gehien ikusi dudana, eta era berean, aukera gehien eskaini dizkidana. Pilota, adibidez, oso gustuko nuen, baina nahiz eta gizonezkoekin alderatuta bi kiroletan emakumeek aukera gutxiago izan, futbolean bide gehiago daude emakumeentzat.

Futbolean hasi zinenetik hona zein bide jarraitu duzu?
Eskolako patioan jokatzen nuen, gelako mutilekin. Benjamin mailan mistoa izaten zen taldea. Halako batean, Tolosak deitu ninduen eta urte batzuk eman nituen Eskola Kirola eta Tolosa uztartuz. Gorputzak aukeraketa egitera behartu ninduen, eta Tolosan jarraitzea erabaki nuen. Lagunak egin izanak bultzadatxoa eman zidan, han jarraitzeko. Lau urtez izan nintzen, Realak deitu zidan arte. Astean behin Zubietara joaten nintzen entrenatzera, baina hurrengo denboraldiaren erdian fitxatu egin ninduten. Jokalari asko min hartuta zeuden eta jokalarien falta zuten. Shock egoeran geratu nintzen, ez nuen sinesten.

Maila baxuenetik gorenera. Aldaketa handia.
Inpaktu handia eragin zidan hasieran. Tolosan lagun talde bat ginen; Reala, aldiz, diziplinatua da. Aldaketa handiena hori izan zen. Fisikoki ere nabaritu nuen aldea.

Ikusten zenuen zeure burua Realean, lehen mailan?
Egia esan, txikitatik izan dudan helburua futbolean jokatu eta disfrutatzea izan da. Tolosan sartzean hasi nintzen mudu hori gertutik ezagutzen. Ez nekien zenbaterainoko maila zegoen ere. Tolosan jendeak esaten zidan aukerak izango nituela, jokalari ona nintzela, eta orduan hasi nintzen ideia hori garatzen-edo.

Amets bat betetzea izan da?
Bai, guztiz.

Amets hori osorik bete duzu? Hau da, espero zenuena topatu duzu?
Disfrutatzea da helburua. Nahiz eta Realean ez egon, Tolosan segiko banu, disfrutatzen jarraituko nuke, seguru. Emakumeok, zoritxarrez, ezin dugu futboletik bizi, guretzat zaletasun bat da. Gaur egun kontratu profesionala dugu, baina ez dio zaletasuna izateari uzten. Gustuko dudana ari naiz egiten, eta gainera, maila gorenean. Horrekin geratzen naiz.

Nolakoa da eguneroko bizitza?
Magisteritza ikasi nuen, eta urte horietan klasera joaten nintzen goizetan, eta arratsaldean Zubietara. Afaldu eta ohera. Errutina baten barruan bizi zara, ia horri eskaintzen diozu denbora osoa.

Zuretzat tarteak ere bilatu behar izaten dituzu?
Noski, beharrezkoa da. Baina lagunekin, adibidez, kontaktua galtzen zoaz. Saihestu ezina da. Asteburu gehienetan bidaiatzea tokatzen da, eta astean zehar errutina horren baitan bizi gara. Batzuek ez dute ulertzen, baina niretzat futbola pasioa da.

Noizbait topatu dituztu ateak itxita?
Ez naiz baztertua sentitu. Txikitan bai entzun behar izan nituela 'marimacho' bezalako komentarioak, beti futbolean jokatzen aritzen nintzelako, mutilekin. Esan izan didate ez zela nire mundua. Baina inoiz ez diot jaramonik egin horri. Futbola asko gustatzen zitzaidan eta aurrera egin dut, jendeak zer pentsatuko ote zuen inporta izan gabe. Une horietan bertan eragina izaten du, baina ikasi dut ahazten. Azken finean, emakumezkoen futbolean sartzean, egoera antzekoak bizi izan dituen jendearekin topo egiten duzu, eta esperientzia horiek konpartitzen dituzu. Denok batu egiten gara eta indartu egiten zara.

Nolakoa da emakumezkoen futbola?
Teknikoagoa da. Gizonezkoekin alderatuta, fisikoki ez gara horren azkarrak eta indartsuak, eta jokoa mantsoagoa da. Ezberdinak dira, baina biak ala biak ikusteko politak. Orain arte beti gizonezkoen futbolean zentratu izan da jendea, ez ditu begiak irekitzen zerbait ezberdina ikusteko. Batzuk esan izan digute Zubietara lehen aldiz joatean 'jo, zeinen ongi jokatzen duzuen'. Zer uste zuten ba?

Baina emakumezkoen eta gizonezkoen lehen mailak parean egon gabe jarraitzen dute.
Gauza asko ari dira hobetzen. Pixkanaka lortzen ari gara, baina futboletik bizi ahal izan gabe jarraitzen dugu; oso gutxi bizi dira futboletik. Futbola gure bizitzaren parte da eta edozer egiten dugu horri eusteko, baina askotan uzteko garaia iristen da lanarekin-edo ezin delako bateratu.

Zer hobetu da, eta zer dago hobetzeko oraindik?
Lehen ez genituen taxiak Zubietara joateko, ez ziguten arropa garbitzen, bidaia guztiak autobusez egiten genituen, ez genuen kontraturik eta ez zuten ordaintzen. Orain hori dena aldatu egin da. Aurrerapauso bat izan da. Telebista emakumezkoen futbolean gehiago sartuko balitz, asko lagunduko luke horrek.

Egunerokoan murgilduta bizi zarete, baina aldarrikapenetarako tartea ere hartzen duzue.
Bai, garrantzitsuena disfrutatzen jarraitzea dela ahaztu gabe. Gure egoera ez da onena, baina emakumeon futbolak orain arte bizi izan duen egoerarik onena da. Gure aurrekoek gauza asko lortu dituzte guk daukaguna izateko. Guk ere borrokatu nahi dugu gure atzetik datozenek oraindik egoera hobea izateko, benetako berdintasun batera iritsi arte.

Une honetan, gustura zaude?
Bost urte t'erdi daramatzat Realean. Hasieran asko jokatzen nuen, denboraldi erdian aire freskoa izan nintzelako taldearentzat. Entrenatzaile aldaketa izan zen gero, eta gutxiago jokatzen nuen. Ez nuen ongi eraman, oso gogorra da egunero entrenatzera joatea, Valentziaraino bidaiatzea eta jokatu gabe itzultzea. Psikologikoki gogorra da hori eramatea. Indartsua izan behar duzu une horietan, eta pentsatu lortu dezakezula leku bat hamaikakoan. Lana gogor egin behar da horretarako. Nire buruari hori esan nion, eta azken hiru urteak oso onak izan dira. Jokatzen dut, eta hobeto sentitzen naiz, fisikoki eta teknikoki. Ikasi egin dudala uste dut.

Une zailenetan norengan bilatzen zenuen babesa?
Familiak eta lagunek asko lagundu didate. Nire ametsa futbolean jokatzea bazen, ez uzteko esaten zidaten, borrokan jarraitzeko. Eta hala egin nuen. Nire buruari gehiago exijitu nion, hobetzen saiatu nintzen, entrenatzaileekin ere hitz egin nuen zer hobetu behar nuen esateko. Zentzu horretan aitak asko lagundu nau. Beti oso objektiboa izan da, beti esan izan dit egia, eta zerbait zuzendu behar nuenean esan egin izan dit.

Reala ere, urtetik urtera, gero eta hobeto dago.
Realeko emakumeen taldeak ez ditu urte asko. Hasierak beti izaten dira gogorrak, lan asko dago. Realak lan hori pixkanaka, pazientziaz, egin du, eta orain unerik onenean gaude. Maila gero eta altuagoa dago bai ligan, baita taldean ere, eta horrek jokalariengan eragina du. Gehiago eskatzen diogu geure buruari. Denok dugu aukera hamaikakoan egoteko, eta gehiago nahi duenak badaki gogotik lan egin behar duela.

Aurten, gainera, Gipuzkoako bigarren talde bat dago lehen mailan.
Gauzak asko aldatu dira. Tolosako maila baxuenetik Realera egin nuen saltoa, zuzenean. Orain maila handia dago beste talde askotan. Oiartzun, Añorga, Tolosa... lan asko egiten ari dira txikitatik, salto hori hain handia ez izateko.

Nolako jokalaria da Itziar Gastearena zelai barruan?
[Barreak] Tolosan hegalean jokatzen hasi nintzen, azkarra nintzelako. Realean pibote gisa ere jokatu izan dut. Baina entrenatzaile bakoitzak zugan zerbait ezberdina ikusten du, eta beste bat etorri zenean atzeko lerrora jaitsi ninduten. Kasta asko dudala esaten didate, hori omen da kanpotik gehien ikusten dena. Beti nago borrokarako prest, ez dut baloi bat bera ere galdutzat ematen.

Eta zelaitik kanpo?
Nahiko neska lotsatia naiz. Talde baten egoteak asko lagundu nau harremanak egiteko orduan. Kirol kolektiboak nire burua hobetzen lagundu nau, lotsatia nintzenez ez nintzelako gauza batzuk egitera ausartzen.

Betetzea gustatuko litzaizukeen amets bat?
Nire taldearekin, Realarekin, zerbait irabaztea. Koparako sailkatuz gero, kopa irabaztea gustatuko litzaidake. Ez da amets pertsonala, kolektiboa baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!