ETAren aldeko pintadak gaitzetsi ez eta elkarbizitza mahaietan parte hartzen dutenen "zinismoa" salatu du Villabonako PSEk

Ataria 2018ko maiatzaren 7a

Amasa-Villabonako udal talde sozialistak ETAren alde Villabonan agertu diren pintaketak salatu ditu eta horiek egiterakoan gutxi batzuek agertzen duten jarreragatik arbuioa agertu du.

Gaztelania hutsean bidalitako ohar batean, Villabonako PSE-EEk esan duenez, "biolentzia terroristak mina baino ez du eragin, eta bakea eta elkarbizitza defendatu duten herritarren gehiengo batek bere arbuioa agertu dio jarduera kriminal honi".

Izenik eman gabe, Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak "zinikotzat" jo ditu biolentziaren eta egiaren errelatoari buruz hitz egiteko elkarbizitza mahaietan eseri eta pintaketa hauek "desegokiak" kontsideratu baina horietatik ondoriorik atera ezin dela esaten dutenak.

Biktimei min ematen dieten era honetako mezuak behin betiko desagerrarazteko "balioak errekuperatu eta pedagogia demokratikoa" egin behar dela uste dute Villabonako sozialistek. Giza eskubideekiko "zalantzarik gabeko" errespetua adieraztea garrantzitsua dela adierazi du PSE-EEk: "Pertsona guztien giza eskubideen defentsa, eskubide horien bortxaketaren salaketa eta aniztasun politiko, sozial, ideologiko eta identitarioaren aitortza beharrezkoak dira". Batez ere, gogor gaitzetsi nahi izan du indarkeriaren erabilera, "prozesu politikoetan eragiteko edo posizio politiko jakin bat defendatzeko".

Villabonako EAJ udal taldeak ere agertu du ostiralean egindako pintaketekiko desadostasuna eta udalari horiek kentzeko eskatu dio. Astelehen eguerdirako, ezabatuta zegoen Arroako Fleming herri eskolaren atarian egindako pintaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!