12 urte eta erdiko zigorra, Villabonan pertsona bat hil zuen kamioi gidariarentzat

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 19a, 15:10

2015eko abuztuan, 43 urteko emakume errenteriar bat hil zuen Amasa-Villabona parean, N-1 errepidean 9 kilometro aurkako norabidean egin eta istripua izan ostean.

Gipuzkoako Auzitegiak 12 urte eta 6 hilabeteko zigorra ezarri dio duela hiru urte istripua eragin zuen kamioi gidariari. Alkoholaren eraginpean 9 kilometro egin zituen N-1 errepidean, auto baten kontra jo zen arte. Autoak su hartu zuen eta bere gidaria, 43 urteko emakume errenteriar bat, bertan hil zen. 

Carlos Manuel M.M., 54 urteko kamioi-gidaria zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatuta atxilotu zuten egunean bertan. Legezko alkohol-tasa baino zortzi aldiz handiagoa zuen, 2,3 gramo odol litro bakoitzeko.

Tolosa eta Alegia artean dagoen gasolindegian egin zuen geldialdia garraiolariak eta lau orduz izan zen bertan. Denbora horretan alkoholdun edari ugari hartu zituela adierazi dute akusazioak eta fiskaltzak. Alkoholaren eraginpean egon arren, errepidera irten zen eta kontrako bidea hartu zuen, argirik jarri gabe, gainera.

Iñaki Sanchez, biktimaren familiaren abokatuak azaldu zuenez, autobidera irten bezain pronto gidari askorekin egin zuen topo, eta aurkako noranzkoan zihoala ohartarazi zioten behin baino gehiagotan. Kamioilariak, ordea, ez zien jaramonik egin eta aurrera jarraitu zuen, 441,4. kilometroan, Villabona parean, auto baten kontra jo zen arte.

Bada, hiru urteren ondoren iritsi da epaia: errepideko segurtasunaren aurkako delitua eta homizioa egotzi dizkiote garraiolari portugaldarrari, eta espetxean 12 urte eta erdi egin beharko ditu, nahiz eta Auzitegi Gorenean errekurtsoa jartzeko aukera izango duen. Gisa honetako lehen zigorra da Euskadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!