Haize berriei freskura

Olatz Artola 2018ko urt. 21a, 11:02

Odol berekoak dira Alexander eta Arantxi Padilla. Bost anai-arrebetako familian, bi zaharrenak dira. Biek komunikazioaren esparruan egiten dute lan; biak dira komunikatzaileak, baina euskarri desberdinak erabiltzen dituzte bozgoragailu gisa.

Publizitatea eta harreman publikoak ikasi zituen Alexander Padilla Lopezek (Villabona, 1987) Bilbon. Baina ahal bezain pronto erbesteratu zen, lizentziaturako hirugarren mailan. Seneca bekarekin Bartzelonara joan zen eta, geroztik, ez da Euskal Herrira bueltatu, bisitan ez bada. Gabonetako oporraldian egin zuen etxera bisita eta orduan bildu ziren bera eta Arantxi Padilla Lopez (Villabona, 1982) TOLOSALDEKO ATARIA-rekin.

Arantxik Giza Zientziak eta Komunikazioa ikasi zuen. Lan ibilbidea Euskal Herrian hasi zuen arren, urte mordoa eman ditu Kolonbian. Orain, etxera bueltatu da, printzipioz, geratzeko.

Anaiak entretenimenduari eta sare sozialei lotuta egin du bere ibilbide profesionala. Arrebak, aldiz, informazioarekin izan du harreman estu-estua. Eta estu hartu dute anai-arrebek solasaldiko lehen gaia:

Hedabide publikoen eta pribatuen arteko balantza, audientziek batean nahiz bestean izan behar duten pisua.

Alexander: Audientziek hedabide publikoetan ez dutela horrenbesteko garrantzia izan behar, ez dute audientzia datu onak emateko horrenbeste presio izan behar. Finean, zuk zerbitzu publiko bat eskaini behar duzu, onuragarria izango dena. Gainera, pribatuetan, dirua egitea funtsa den bezala, publikoetan ez luke izan behar, etorkizuna «bermatuta» baitauka. Beraz, nire ustetan, hedabide publikoen helburua denon diruarekin produktu onak egitea da.

Arantxi: Denoi gustatzen zaigu kalitatezko produktuak ikustea (hedabideetan). Gainera, bestela, esku-eskura dauzkagu plataforma berriak, non bilatzen ari garen hori topatuko dugun.

Alexander: Zuk telebistari eskatzen diozun maila igo egin da horrelako plataformei esker. Zeren bestela, esan duzun moduan, eskura dauzkagu Netflix eta antzerako plataformak kalitate horren bila joateko.

Arantxi: Medioek izugarrizko erantzukizuna dute. Nahiz eta katea pribatua izan, nire ustez, publiko batek bezain besteko erantzukizuna dauka. Publiko bati gehitzen zaiona zera da, dirua guztiona dena. Badirudi pribatua denean, nolabait, barkatu egiten zaiela, enpresa pribatuak direnez askatasun gehiago dutelako.

Alexander: Hedabide guztiek egin behar dituzte kalitatezko produktuak, baina, nik uste dut hedabide publikoei gehiago eskatu behar zaiela, beren beharra hori bermatzea delako.

Arantxi: Niri iruditzen zait hedabideak, orokorrean, erantzukizun handia eskatzen ez diegun medioak direla. Gure politikoei, gure gobernatzaileei… Nik uste dut gehiago dela jendea entretenituta eta protestarik egin gabe edukitzeko tresna bat.

Eta gero, betikoa. Jendeari albistegien inguruan galdetzen diozu eta kexatu egiten dira, beti albiste txarrak kontatzen direla eta abar. Hori ikusteko ez dutela ikusten. Bada, niretzat hori ikustea oso garrantzitsua da. Ez bakarrik zer gertatzen ari den Katalunian edo Euskal Herrian, baizik eta korrupzio kasuekin, milaka daude; gure dirua darabiltenekin; nazioarte mailan beste herrialdeetan...

Nik uste dut ezin garela estatua batzuk bihurtu, aulki edo sofa batean eseri eta produktua ikusi besterik egiten ez dugunak. Orduan, medio publikoak edo pribatuak aipatzean, uste dut erantzukizuna berdina dela; baina, agian publikoei gehiago eskatu behar zaie gure dirua delako.

Alexander: Nik ulertzen dut hedabide publikoetan, burokraziak edo, guztia mantsotu egiten duela. Baina, gaur egun, asko arriskatu behar dute, gauzak oso azkar doazelako. Komunikazioa eta kontsumitzeko moduak asko ari dira aldatzen. Zuk esaten duzun moduan, orain, zuk nahi duzun moduan eta nahi duzunean ikusteko aukera eskaintzen dizuten plataformak daude. Horren aurrean hedabideek ez dizkizute zuri mugak jarriko. Telebista saio bat ikusten ari banaiz eta, derrepentean, publizitateko hiru bloke baldin badauzkat…

Arantxi: Deskonektatu egiten duzu.

Alexander: Bai. Gaur egun zuk aukera daukazu programa bat nahieran ikusteko. Beraz, nik uste dut, hemendik aurrera sortzen diren produktuek egoera horri erantzun beharko dietela, arriskatu egin beharko dutela. Produktu potenteak behar dira jendea telebistara erakartzeko, bestela beste plataformetara joango dira eta.

…baina azkar. Beti «koletilla» hori.

Alexander: Kontsumo azkarra eskatzen dugu.

Arantxi: Baina denean: jateko…

Alexander: Twitterrera sartzen zara eta, teorian, titular horiek irakurrita informatuta zaude. Gure bizimodua oso-oso azkarra da eta ikus-entzunezko edukia ere horrelakoa izatea nahi dugu. Ez daukagu ordubete lasai-lasai egoteko. Dena eginda eta erraz-erraza behar dugu, eta klik egin gabe bada, hobe. Horrela bizi garenez, nire ustetan, horrelako produktu batzuk eskaini behar dira. 5-10 minutuko kontsumorako. Hau da, ordubeteko albistegia bai; baina baita 4 minutuko bideo laburra eguneko albisteak jakiteko.

Arantxi: Duela gutxi antzekoak ziren bi film ikusi nituen Ameriketako Estatu Batuetako pedofilia kasuen ingurukoan. Protagonistak kazetariak ziren eta ikerkuntza lan baten ondorioz kasu asko argitara atera zituzten.

Eta pentsatu nuen: «Jo, hemen zergatik ez da horrelako kazetaritzarik egiten?» Hamar kazetari gai baten inguruan ikertzen eta, bat-batean, eztanda egiten du guztiak eta izugarrizko lurrikara eragiten du. Nik hori faltan sumatzen dut hemen.

Badakigu korrupzio kasu ugari daudela, baina ez dugu ezer egiten...

Alexander: Nik uste dut hor audientziak eragiten duela. Audientzia ona baldin badauka, orduan, ikertzen jarraituko dute. Ikerketa hori egitea oso garestia izango da, denbora asko eskatzen du, gero ordubeteko saio batean emititzeko…

Arantxi: Hori da garestia… Eta zergatik ez da garestia hainbat gazte telebistako plato batean jartzea tontakeriez hitz egiten? Hori da gure gazteek ikusten dutena, eta, gutxi gorabehera, guk gure garaian ikusten genuena.

Nik komunikabide hezitzaileen falta sumatzen dut. Badakit jende asko entretenimendurako erabiltzen duela, erlaxatzeko, baina iruditzen zait arriskutsua dela horretara mugatzea.

Alexander: Baina badaude kate espezializatu batzuk, ordaindu beharrekoak, horretarako. Fragmentazioagatik mota askotako kanalak daude eta ikerketara bideratutako kateak ere badaude.

Arantxi: Nik esan nahi dudana da hemen hedabideak ez direla Ameriketako Estatu Batuetan bezain indartsuak, laugarren indarra esaten dena. Hemen kasu horien inguruan hitz egingo da, baina hauts asko harrotu gabe. Eta ez dakit horren errua nork duen edo zergatik gertatzen den hori: publikoak ez duelako exijitzen…

Alexander: Konformistak gara. Telebista kateak lasai zeuden, orain arte eskaintzen zigutenarekin konformatzen ginelako, baina orain konturatzen ari dira gauzak ez direla horren errazak. Aldaketa baten aurrean gaude, eta telebista kate tradizionalek ez badute beren eskaintza aldatzen, audientziarik gabe geldituko dira.

Medio tradizionaletatik, berrietara: sare sozialetara.

Arantxi: Nik Twitter informatuta egoteko erabiltzen dut. Askok obsesio puntu bat ere badute, gertatzen den oro txiokatzen baitute. Nik ez. Idazteko baino gehiago irakurtzeko erabiltzen dut. Lan erreminta bat da niretzat, garrantzitsua ez bakarrik informatuta egoteko, baizik eta protestak eta aldarrikapenak egiteko, jendea mugitzeko.

Alexander: Gaur egun, bai edo bai, hedabide guztiek sare sozialetan egon behar dute, baita kazetariek ere. Nik distantzia handia ikusten dut esparru honetan Madril edo Bartzelonako hedabideetatik Euskal Herrikoetara.

Bartzelonan eta Madrilen argi daukate sare sozialak garrantzitsuak direla. Hemen ere badakite hori, baina mantsoago goaz. Ausardia edo inbertsio kontua izango da, ez dakit… Hemen programa bateko gidoilari batek edo beste lan batean aritzen den batek eramaten ditu sare sozialak, norbaitek eraman behar dituelako. Arduragabeago jokatzen da sareekin.

Han lan talde bat daukagu horretarako. Produktorak berak ikusten du sekulako garrantzia duela produktu bat sortzerakoan digitalean ere pentsatzeak. Grabatzen ari garen heinean digitalerako behar den hori ere sortzen da. Euskal Herrian ez dut uste horrela lan egiten denik. Erronka polita daukagu hemen.

Sarean egon edo sarean sortu?

Alexander: Oso garrantzitsua da estrategia on bat izatea eta eduki ona sortzea. Ez duzu zertan sare sozial guztietan egon, akaso zure publikoa ez baitago sare guztietan. Hori jakiteko eseri, analizatu eta pentsatu egin behar da.

Arantxi: Ba niri hori oso estresantea iruditzen zait. Denbora guztian sare sozialen adi egotea lan extra bat da niretzat. Zu (Alexander) denbora guztian zaude begira…

Alexander: Bai, hala da.

Arantxi: Eta hau da mundu bat ikasketak egiten ari ginean imajinatu ere egiten ez genuena. Nik karrera ikasi nuenean egunkaria, aldizkaria, irratia eta telebista zegoen, punto. Bat-batean gure lana erabat aldatu da, izugarrizko eboluzioa izan du.

Alexander: Bai, orain zure baliabide eta aukera guztiak erabili behar dituzu 360 graduko estrategia bat egiteko.

Arantxi: Bai, bai… Baina esan nahi dudana da gure papera ere erabat aldatu dela. Lehen egunkari baterako lana bilatzen zuenak idazten jakin behar zuen eta gaur egun egunkari batean lan egin nahi badugu, ziurrenik, digital mundua ere kontrolatu beharko dugula. Idazteaz gain, argazkiak ateratzeko eskatuko digute, bideoak egiteko… Gu dena egiten duen pertsona bat bihurtu gara; bat, bakarra.

Alexander: Hori da gehien bat kazetari lanean…

Arantxi: Baina zuk karrera ikasi zenuenean Community Manager figura ere ez zen existitzen…

Alexander: Ez, baina komunikazioaren oinarria baneukan. Orain aldatzen ari dena kanala da, ez nagoela telebistan emitituko den promozioan pentsatzen, baizik eta sare sozialetan. Hor ari da aldatzen kontua.

Bat indartzeak bestea ahultzea al dakar?

Alexander: Telebistaren agerpenarekin esaten zuten irratia hilko zela eta ez da hori gertatu. Nik ez dut pentsatzen ezer desagertuko denik, baina bai aldatu. Orain telebista aldatzen ari den moduan, irratia ere aldatu egingo da. Aldatu beharra dauka. Nik ez dakit irrati musikalek etorkizun asko daukaten, kotxean wifia baldin badaukagu nahi duguna entzun ahal izango dugu eta.

Arantxi: Ba nik askotan entzuten dut kotxean irratia.

Alexander: Euskadi Irratia eta horrelakoek jarraituko dute, informazioa duelako oinarrian. Irrati musikalek, ordea, aldatu egin beharko dutela uste dut. Programa podcast formatura bideratu, adibidez.

Arantxi: Podcast-a da gero entzutea daukazuna, ezta?

Alexander: Bai.

Arantxi: Nik uste dut irratiek eboluzionatu egin beharko dutela, beraien publikoa ez galtzeko urratsak eman. Streaming bidez zuzenean emititzen hasi dira, adibidez. Horrek publiko jakin bat erakartzen du.

Alexander: Irrati estudioak plato bilakatu dira, bai. Edukiak ere horretan pentsatuta egin behar dira. Eta nik uste dut hori egin behar dutela, arriskatu eta berritu.

Arantxi: Nire ustez garrantzitsua da egokitzea eta eboluzio horren parte izatea, baina, aldi berean, iruditzen zait inportantea dela medio bakoitzak duen funtsezko oinarria ez galtzea.

 

KUTTUNAK

Kolonbiako bake prozesua bukatzen ari zela, FARC-eko gerrillarien kanpalekuetan izan ginen. Padilla abizena zuen gerrillari batek eman zidan eta aitari oparitu nion, banekien asko gustatuko zitzaiola. Esanahi handia dauka niretzat.

 

LABURREAN

Entretenimendua ala informazioa: Biak dira garrantzitsuak.

Saio gustukoena: Ez daukat.

Erreferente bat: Nire irakasleak izan ziren asko eta kazetari berriak. Oso gaztezalea naiz. Energia berri hori oso garrantzitsua da.

Sare sozialak, bai ala ez? Bai.

Papera, bai ala ez? Bai.

 

KUTTUNAK

Euskaraokea-ko DVD-a ekarri dut. Gabonetako saio berezia egin zuten duela 20 urte eta familia guztiak hartu genuen parte. Urtero, Gabonetan, emanaldia ikusteko ohitura daukagu. Oso oroitzapen polita daukagu.

LABURREAN

Entretenimendua ala informazioa: Biak, baina bat aukeratzekotan: entretenimendua.

Saio gustukoena: Kolaboratzen dudana, Gaztea BOX; lan egin nahiko nukeena, OT.

Erreferente bat: Jesus Vazquez.

Sare sozialak, bai ala ez? Noski baietz.

Papera, bai ala ez? Bai. Paperak bere magia dauka.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!