Inbertsio sorta garrantzitsua onartu dute urte bukaerarako

Jon Miranda Labaien 2017ko aza. 1a, 09:09

Villabonako Udalean astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran EAJ eta EH Bilduk adostutako mozioa onartu zen, Kataluniari «aitortza, errespetua eta afektua» erakutsiz

Villabonako Udaleko gobernu taldeak urriaren 16an 2017ko azken zatirako inbertsio berrien proposamena egin zuen Ogasun eta Aurrekontuen batzordean. Talde politiko guztien aldeko botoak jaso zituen proposamenak eta erabakitakoa berretsi zuten EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk asteleheneko osoko bilkuran.

Aurreko urteetatik zetozen «egoera ezegonkorrekin amaitu» eta esparru ezberdinetan garatzen diren ekintzak «indartzea» izan da inbertsio sorta berri honen helburua. Maite Izagirre alkateak nabarmendu duenez, «erabiltzaile taldeekin erabakitako neurriak dira. Hori da lan egiteko gure era, eta horrela jarraituko dugu».

Aho batez onartu dituzte talde politiko guztiek kreditu aldaketak eta gaikuntzak eta horri esker hainbat lan burutuko dituzte datozen hilabeteetan. Besteak beste, Olaederra kiroldegian material berria erosteko 18.000 euro erabiliko dira: 2 step, 2 bizikleta estatiko, spinning egiteko 4 bizikleta eta oinetarako pisudun bat eskuratuko dira. Kirolzer enpresa kudeatzailearen bitartez egin dira erosketak eta udalak %40ko beherapena izan du prezioetan. Gainera, kiroldegian, hainbat konponketa burutuko dituzte datozen hilabeteetan. Talde berriak sortzen ari direla kontuan hartuta, eskola kirolerako 2.500 euroko diru kontu bat ere jasoko da, besteak beste, saskibaloirako saski berria eta ping-pongerako mahaiak erosteko.

Hezkuntzarekin zerikusia duten inbertsioei dagokionean hobekuntza nabarmenak egingo dira Fleming ikastetxeko eraikinetan: Arratzainen bainugelak eta patiorantz ematen duten aldagelak berrituko dira, 11.000 euro erabilita. Bestalde, Erniobea institutuko zazpi gela margotuko dira, aurreko ikasturtean hasitako planarekin amaitzeko. Eta 3.000 euroko diru kontu bat gaitu da Arroako ikastetxeko patioa, guraso eta irasleek auzolanean berritu dezaten.

AUTOBUS LINEARI ALEGAZIOAK

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebus lineen berrantolaketa planari helegiteak jarri dizkio Villabonako Udalak. Momentuan indarrean dauden autobus erdi zuzenen linea (Tolosa-Villabona-Donostia), ibilbideko herri guztietan gelditzen dena (Tolosa- Donostia) eta Ospitaletatik pasatzen den lineako frekuentzia mantentzea eta horrez gain, Magisteritza fakultateko geltokia eta Resa Guipuzcoana-koa bere horretan uztea eskatzen da. Helegiteei herritarrek egindako kexak gehitu zaizkie.

EH Bildu udal taldeak, asteleheneko osoko bilkuran, helegite horiekin ados agertzeaz gainera, norabide berean zihoan mozioa aurkeztu zuen, «udalbatza honek duen jarrera indar handiagoz adierazteko». PSE-EE eta EAJk mozioaren aurka bozkatu zuten eta Eneko Urdangarin zinegotzi jeltzaleak azaldu zuen botoaren norabidea: «Urriaren 23rako aurkeztuta zeuden helegiteak, orain, mozio honek guretzat ez du inolako ibilbiderik».

ERREPUBLIKARI BABESA

PSE-EEko zinegotziaren aurkako botoarekin, Villabonako Udalak, Kataluniako Errepublikari «aitortza, errespetua eta afektua» erakusten dizkion adierazpena onartu zuen herenegun. Azken urteetan giza eskubideak, bakea, demokrazia eta askatasuna defendatuz «izugarrizko ausardia eta konpromisoa» erakutsi duten hautetsiak zoriondu eta «eredutzat» dituztela aipatu zuen Ibon Ariznabarreta zinegotziak udalbatzaren izenean.

Kataluniako herritarren borondatea errespetatzea eskatu du udalak eta estaturik gabeko nazio guztiek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu. «Eskatu nahi diegu euskal alderdi politikoei akordio batera iritsi daitezela eskubide hau legebiltzarrean eztabaidatzen ari den autogobernu ponentzian jasotzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!