Gazte Asanblada eta Udal Gobernuaren arteko talka

Ataria 2017ko aza. 1a, 11:02

Astelehenean, erreguen eta galderen txandan, Onddo gazte asanbladako kideek hartu zuten hitza batzar aretoan. Udal gobernu taldearekin dituzten diferentziak mahai gaineratu zituzten, eta bi aldeen arteko eztabaidan, tentsio uneak bizi izan ziren.

Gaztetxean sortzen den soinuak bizilagunen kexak eragin dituela aitortu zuten gazte asanbladako kideek eta horrekin kezkatuta, hainbat neurri hartu dituztela esan, besteak beste, kontzertuen ordutegiak aurreratu. Hala ere, gazteen iritziz, udal gobernuko kideek «gaia baztertuta» eduki dute eta «bideratzaile» lanik ez dute egin. Kritika horiei erantzun zien Eneko Urdangarin zinegotzi jeltzaleak: «Bizilagunekin hitz egitekotan geratu zineten azken bileran eta ordutik ez dugu zuen berririk jaso».&nbsp

Bi alditan bildu dira Onddoko kideak eta udal gobernukoak. Azkenekoan, gaztetxea dagoen eraikinaren egoeraz hitz egin zuten. Gazte asanbladakoek astelehenean aipatu zutenez, «egoera larrian zegoela eta epe motzean desalojatu beharko genuela esan zeniguten, baina txostena aztertu ondoren uste dugu egoera ez dela hain larria». Urdangarinek berretsi egin zuen eraikinaren egoera txarra dela, teilatua eta fatxada konpondu behar zaizkiola eta «arriskua handia» dutela bertako bizilagunek. Modu adostuan beste kokaleku bat bilatzeko borondatea izan dutela aipatu zuen zinegotziak. «Guk elkarrekin egin nahi izan dugu bidaia. Hau da errealitatea: edo gurekin lantzen duzue edo ez dago ibilbiderik. Zuek ere badakizue, hor jarraitzeko baldintza minimoak ez dituela konplitzen lokal horrek».

Asteleheneko bilkuran, ika-mika gehien, aurtengo uztailaren 26ko gertakariek sortu zuten. Gazte egunaren barruan, ekitaldia egin nahi izan zuten gazte asanbladako kideek. Edukiekin ados ez, eta alkateak ekitaldia bertan behera uzteko agindua eman zuen. «Jaiak apolitikoak izan behar dira», esan zuen Izagirrek astelehenean, «eta mezu feministak egoteaz gain, prestatu zen bideoan mezu politikoak ere bazeuden». Gainera, erabakia hartu ondoren mehatxuak eta erasoak jaso izana salatu zuen alkateak. Urdangarinek gaineratu zuenez ekitaldiaren edukiak aurrez zehaztu behar dira, «bost minutu lehenago etorri eta gurekin adostu nahi izatea ez da posible. Horiek dira gure joko arauak».

EH Bilduko zinegotzi Xabat Labordek babesa eskaini zien gazte asanbladako kideei eta udal gobernu taldearen jarrera, «autoritarioa» salatu zuen. «Zentsore lana» egitea egotzi zion EAJri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!