Alkatearen soldata ezbaian

Tolosaldeko Ataria 2016ko uzt. 26a, 08:00

Bigarren itzulian berdindu ostean –EAJren 6 zinegotziak alde, EH Bilduren 6 zinegotziak kontra eta PSE-EEko zinegotziaren abstentzioa–, Maite Izagirreren kalitatezko botoarekin onartu zen, aurrerantzean Amasa-Villabonako alkatearen urteko asignazioa: 52.000 euro.

Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistaren ustetan, «niri justua eta justifikatua iruditzen zait kopurua. Ados egon arren, ikusita diru laguntzekin gertatu den bezala, presio handi bat dagoenean atzera egiten duzuela –EAJko kideei zuzenduz– hemendik aurrera ni abstentzioan geratuko naiz». Nora Urbizu koalizio abertzaleko zinegotziak nabarmendu zuenez, «urteak 52 aste dituela kontuan hartuta, astean mila euro irabaziko ditu alkateak, hilean kopuru horretara iritsi ezinik herritar asko dabiltzanean». 

Azken asteetan, alkatearen soldataren harira herrian sortu den ezinegonaz hitz egin zuen EH Bilduko udal taldeak. «EAJk herrian krisprazioa eragin izana egotzi digu eta hori ez da egia, guk ez dugu polemiketan sartu nahi izan. Egin dugun gauza bakarra egungo alkatearen soldata aurrekoenekin alderatzea izan da. Informazio emate hutsa izan da. Non dago hor iraina? Non beldurtzeko intentzioa?”, esan du Xabat Laborde zinegotziak.

Aurreko astean Amasa-Villabonako EAJk etxez etxe banatu zuen oharra «penagarri eta iruzurtitzat» hartu zuen Labordek. «Klasistatzat hartzen gaituzue bertan. Eta alderantziz da. Guk badakigu zein klase sozialen interesak defendatu dituen historikoki zuen alderdiak: aberatsenei zergak kentzen dizkienen interesak, RGIa kobratzeko baldintzak gogortzen dituztenenak, pobreenei zuzendutako gizarte larrialdietarako laguntzak kendu nahi dituztenenak... Confebask eta Adegi bezalako enpresari handienekin ateratzen zarete beti argazkitan eskutik hartuta eta langile sindikatuekin beti zaudete eztabaida betean. Eta gero gu gara klasistak? Gustu txarreko txistea dirudi honek».

EAJko udal taldearen izenean Ibon Ariznabarreta alkate ordeak hitz egin zuen eta zalantza egin zuen EH Bildu ez ote den «demagogia» egiten ari. «Inguruko beste herrietako ordezkarien erabakiei errespetu guztia erakutsi nahi diegu, baina momentu ona da beste kasu batzuk gogoratzeko. Zizurkilen, esate baterako –Villabonaren biztanleria eta aurrekontu erdiarekin– EH Bildu dago gobernuan,  eta bertako alkateak 40.000 euroko soldata du. Legez kobratu dezakeen soldata handiena. Zuek gobernuan egon edo ez, horren arabera aldatzen al duzue iritzia?”, zuzendu zitzaien EH Bilduko zinegotziei Ariznabarreta. Kasuan kasuko egoerak aztertu behar direla erantzun zuten koalizio abertzaleko zinegotziek eta berriz azpimarratu «desproportzionala» dela Izagirrek jasoko duen soldata. Arantza Lopez, EH Bilduko zinegotziak bota zuen galdera: «Zer aldatu da urtarriletik hona? Zergatik jasoko du Maite Izagirrek, Iban Agirrek jasotzen zuena baino %35 gehiago? Izagirrek ez ditu aurreko alkateak zituenak baina ardura handiagoak izango».

Ariznabarretak gogoratu zuen, «alkatea dela udalean ardura eta dedikazio handien dituen pertsona –zortzi ordutik gora doazen ordutegiak eta 365 lan egun urtean. Izagirrek 6.000 pertsonaren ongizatearen eta sei milioi euroko aurrekontuaren ardura izango du. Dedikazio hori ordaindu egin behar dela uste dugu EAJtik». EUDELen gomendioak jarraituz, Amasa-Villabonako alkatearen soldata gehienez 60.000 eurokoa izan daitekeela gogoratu zuen zinegotzi jeltzaleak.

Kargu hartzea eta mozioa

Uztailaren 21ean egindako ohiko osoko bilkuran, Iban Agirrek zinegotzi gisa utzitako tokia hartu zuen EAJko kide Juan Mari Iparragirrek.

Bide batez, EH Bilduk Mandela arauen inguruan aurkeztutako mozioa onartu zuten EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin. Nazio Batuetako asanblada orokorrak onetsitako presoak tratatzeko oinarrizko arauak –Mandela arauak izenez ezagunak–, euskal presoei aplikatzea onartu zuen Amasa-Villabonako udalbatzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!