Gutuna: Zizurkilgo EH Bilduk Amasa-Villabonako udal gobernuari

Tolosaldeko Ataria 2016ko uzt. 26a, 10:30

Aurreko ostegunean Amasa-Villabonan ospatutako ohiko udalbatzan, EAJren udal gobernuak egin zituen adierazpenei erantzun nahi izan die Zizurkilgo EH Bilduk gutun baten bitartez:

Norbaitek bere burua justifikatzeko besteen datuak erabili behar baditu, gutxienez datu zuzenak erabil ditzala. Villabonako alkate berriaren soldata justifikatzeko Zizurkilgo Udaleko datuak erabili nahi izanez gero, gutxienez datu horiek zuzenak izan daitezela. Ezin dena egin zera da: esan bost inporta zaizkiela beste herrietako soldatak eta gero Zizurkilgoen aurka jo gezurra esanez. Bai, gezurra.

Zizurkilgo datuak

Zizurkilgo alkateak 40.000 euroko soldata gordina du. Aurreko lanean irabazten zuena baino gutxiago da. 2011n halaxe onartu zen herri batzar batean eta geroztik soldata bera du. Aurreko lanean irabazten zuenaren antzekoa izatea irizpide argia izan da EH Bildurentzat, guk froga dezakegun kontua da, nahi duzuenean. Zuentzat ez da irizpidea, bistakoa da, bestela gogora dezakegu zer soldata zuen Maria Angeles Lazkano aurreko alkateak: 56.700 euro.

Bestalde, Zizurkilek ez ditu bi liberatu. Jornada erdira dago alkate ordea. Eta ez du 40.000 euroko soldata, erdia baizik, 20.000 euro. Legealdi honen hasieran argi eta garden azaldu genuen moduan, ez baitugu ezer ezkutatzeko. Besteak beste, liburutegi berria eta Atxulondoren birmoldaketa gainean zirelako erabaki zen pertsona bat erdi liberatzea, lehen zatian behintzat. Eta amaitzeko, Villabonan ez bezala, dietarik ez da kobratzen Zizurkilgo Udalean, hain kezkatuak zaudetenez gero informazioa osoa eduki dezazuen.

Zizurkilgo EH Bilduk espero du Villabonako alkate berriaren ohiko jokabidea ez izatea hau eta bi herrien arteko harremanak ongi bideratzeko borondatea izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!